GARAG
asteiz

Michelinek 50.000 pneumatiko gutxiago egingo ditu azaroan

Gasteizko Michelinek 50.000 pneumatiko ekoizteari utziko dio azaroaren lehen hamabostaldian, eta bost lan txanda itxiko ditu. Automobilgintzako txipen faltak eragindako krisi globalaren ondoriozko ekoizpenaren berrantolatzeak 698 langileri eragingo die.

Gasteizko Michelineko lantegiko langile batzordeak jakinarazi duenez, atzo egindako ezohiko bileran, zuzendaritzak beharginei jakinarazi zien pneumatikoen ekoizpena 50.000 unitatetan murriztuko dutela azaroko lehen hamabostaldian. Neurri horren ondorioz, bost lan txanda itxiko dituzte azaroaren 6an, 7an eta 14an, eta ekoizpena berrantolatzeak 698 pertsonari eragingo die. Goma-fabrikazioko Z tailerrean ere geldituko dute ekoizpena, 670 tona gutxiago ekoitziko baitituzte. Lau lan txanda geldituko dituzte urriaren 23an eta 24an eta 91 pertsonari eragingo die neurriak.

Azaroko ekoizpenaren beherakadari urrikoa ere gehitu behar zaio. Izan ere, urriaren 16tik azaroaren 1era bitartean 120.000 pneumatiko gutxiago ekoitziko dituzte, 11 lan txanda itxi eta gero. Ia plantillaren herenari eragingo dio itxialdiak, 910 langileri zehazki.

Zuzendaritzaren arabera, erabakiak ez du soldata-kosturik ekarriko langileentzat, ezta enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteak bezalako neurri traumatikorik ere. Hori ekiditeko, barne-malgutasuneko neurriak ezarriko dituzte.

Geldialdiak lantegiaren fabrikazioaren herenari eragingo dio, hau da, pneumatikoen ekoizpenari, baina ez ingeniaritza zibilari. Izan ere, produkzioak normaltasunez jarraituko du beste ekoizpen lerro batzuetan, hala nola pneumatiko handietan. Urtarrilaren 1ean lantegian sartu ziren 130 behin-behineko langileek ere lanean jarraituko dute.

2022aren hasierara arte

Gasteizko Michelin enpresako zuzendaritzak, egun 3.400 pertsona inguru ari dira bertan lanean, ez du aurreikusten erdieroaleen krisia epe laburrean konponduko denik. Hori dela eta, litekeena da etenaldiek urte amaierara arte jarraitzea, baita 2022aren hasierara arte ere, sindikatuetan arabera.