Ane URKIRI ANSOLA
DONOSTIA
ESKUBALOIA

Parisek erabakiko du kanporaketa

Bera Bera eta Paris 92 taldeen arteko dema berdinketarekin bukatu da eta,beraz, donostiarrak bizirik helduko dira itzuliko lehiara, ezustekoa eman asmoz.

BERA BERA 27

PARIS 92 27


Bizirik dago Bera Bera. Oso bizirik. Hala, datorren igandean (16.00) Paris 92 taldearen pabiloian erabakiko da European League txapelketako bigarren faseko kanporaketa erakargarria. Donostiarrek lan itzela egin zuten atzoko norgehiagokan, Frantziako Ligako talde indartsuenetariko bati gauzak estu, oso estu, jarrita. Ez da meritu makala!

Emaitza hobea izan zitekeen, jakina; baina baita okerragoa ere. Bigarren zatian defentsako hutsuneak tapatu eta gehiago ahalegintzera behartu zituzten paristarrak donostiarrek. Lehen zatian errazegi jaurti zuten sei metroko distantziatik eta hori gelditzea funtsezkoa zen Alvarezentzat, atsedenaldira gol bat atzetik iritsi baitzen Bera Bera.

Partidaren lehen laurdena pasata, Fernandesen jaurtiketa indartsu batekin iritsi zen neurketako lehen berdinketa (7-7), eta alboko brasildarraren beste gol batek jarri zuen ere 13-13koa markagailuan. Tartean, aurretik jartzeko aukerak ere izan zituzten etxekoek, baina une giltzarri horietan huts egin zuten. Cardosok ere zutoinarekin egin zuen topo lehen zatiko zazpi metroko jaurtiketa bakarrean. 

Bigarren zatian, ordea, hegaleko brasildarra oso fin aritu zen zazpi metroko jaurtiketetan, horietariko pare bat Cavok eragindakoak –argentinarra partidako jokalari onenetakoa izan zen; erasoko baloi guztiak bere eskuetatik pasa ziren, zenbait kanporatze eragin zituen eta gol bat ere egin zuen–. Gilek ere ederki baliatu zituen lehen bi erasoak.

Azken 30 minutuetan Catherine Gabriel atezaina kantxaratu zen eta ez zuen geldiketa bakar bat ere egin; partidaren bilakaeraren erakusgarri izan zen. Nadia Offendal Paris 92 taldeko iparrorratzak ere ez zuen lehen zatian bezain fin ibiltzerik izan, Alvarezek defentsa oso ondo zuzendu zuelako, besteak beste. Sendo aritu ziren donostiarrak eta Parisko taldeak zenbait baloi galdu zituen, Aallak eginiko pare bat gelditurekin batera. Kanpokoen defentsa gogorrak kanporatzeak ere ekarri zituen eta, bat gutxiagorekin, ederki sufritu zuten. Bera Berak aukera baliatu zuen, baina min gehiago egiteko abagunea izan zuen sentsazioa ere geratu zen tarteka. Bi goleko aldea ere ireki zuen –partidako handiena, norgehiagoka zenbaterainoko estua izan zen adierazle– Cavo, Polonio, Cardoso eta Gilen bitartez. Fernandes izan zen partidako golegile nagusia, baina bere jaurtiketa bat defentsak oztopatu eta beste baloi bat galdu ostean, frantziarrek neurketa berdindu zuten (23-23). Huts egite bakoitza baliatu zuten.

Azken minutura 27-27ko berdinketarekin heldu zen partida, eta Bera Beraren aldeko erasoarekin. Hutsartea eskatu eta gero huts egin zuten donostiarrek, eta eskerrak azken minutu erdian ondo defendatu zutela. Niomblaren jaurtiketa defentsak kanpora desbideratu eta meritu handiko berdinketa lortu zuten. Parisek erabakiko du guztia datorren igandean eta ez da inolaz ere lorpen makala!