Joxemari CARRERE
Ipuin kontalaria

«Odisea»

Ezaguna da istorioa. Odiseo heroiaren Troiatik Itakara arteko itzulera kontatzen duen epopeia greziarra da “Odisea”. Ahoz aho pasatako kontakizuna, diote, Homerok ekarri zuela letretara. 12.110 bertso ditu, hexametrotan onduak, eta 24 kantuz osatuta dago. Mendebaldeko kulturan sekulako eragina izan du, bai literaturan bai iruditerian. Hamaika interpretazio, hamaika sinbologia, greziar mundu zaharraren mitoen, sinesmenen, mundu ikuskeraren erakusle aparta. Egokitzapenak kontaezinak dira munduan eta denboran.

“Odisea”-rekin, ipuin zaharrekin bezala gertatu ohi da, jakin badakizu bat edo beste, baina justu non edo nori entzun ezin asmatu. Nork ez du entzun itsas laminen kantuaren pasartea? Edo Polifemoren istorioa, Odiseok bere atzaparretatik ihes egiteko begi bakarra burdin gori batez zeharkatzen diona; gero, ardi larru bat jantziz, kobazulotik ihes egitea lortzen duena? Baina, baina, hori ez al da Tartaloren ipuina? Euskal ipuin zaharretan ere “Odisea”-ren zantzuak topatuko dituzue.

“Odisea” euskarara Santi Onaindiak eta Juankruz Igerabidek ekarri zuten. Eta aurten Lapurditik etorri zaigu berriro “Odisea” euskal sorkuntzara. “Odisea”-ri begirada bat, hobeki esateko. Pantxix Bidart musikari hazpandarrak euskal odisearen interpretazioa eskaintzen digu bere azken ikuskarian. Olerkari euskaldun garaikideen hitzak, heroiak, emaztearen tokia, bikotearen bilakaera, bakearen bidea… Gogoeta zabalak poesia errezitatu eta musikatutik. Ikuskari ausarta, sendoa, telurikoa. Zoragarria Pantxixen azken hau. Gozatzeko harribitxia. “Odisea”.