GARA
BRUSELA

Errusiako oposizioko buru Navalniri eman dio Europar Batasunak Sakharov saria

Europar Parlamentuak Aleksei Navalni Errusiako oposizioko politikariari eman dio aurtengo Sakharov saria. Eskuineko alderdi popularrek eta talde liberalak proposatu zuten kontzientzia-askatasuna saritzen duen saria otsailetik giltzapetuta dagoen Navalniri ematea.

EBko alderdi sozialdemokratek eta ezkerreko alderdiek saria Afganistango emakumeei ematea proposatu zuten. Eskuin muturreko alderdiek, Vox espainiarra tartean, Jeanine Añez Boliviako presidente-ohi eta kolpista, egun kartzelan dagoena, saritzea eskatzen zuten.

Aleksei Navalni 2019an Sakharov sariaren hautagaietako bat izan zen, Errusiako udal hauteskundeetan gobernutik kanpoko hautagaiak onartzen ez zirela-eta egindako manifestazio batean atxilotua izan ondoren.

Ordurako ezaguna zen Navalni blogaria; presidentetza bozetara aurkeztu zen eta ustelkeriaren aurkako kanpaina bat hasi zuen. 2020ko udan hegazkin bidaia batean gaixotu eta ospitaleratu egin zuten, eta senideek salatu zuten pozoitua izan zela. Presioen ondoren Vladimir Putin Kremlineko buruak Alemaniara eramatea onartu zuen eta Berlinek frogatutzat jo zuen Novichok izeneko agente kimikoarekin pozoitu zutela.

Hainbat hilabete ospitalean eman ondoren, Errusiara itzuli zen, baina hegazkinetik jaitsi orduko atxilotu zuten baldintzapeko askatasuna ez betetzeagatik. Navalniri 2 urte eta 6 hilabeteko kartzela-zigorra ezarri zioten. Mediku-zaintza ukatzen omen diotela eta, 23 egunez gose greba egin du.