NAIZ
ARBONA

Elikadura burujabetza helburu, lur okupatuetan ospakizuna egin dute

Laborantza herrikoi eta jasangarriaren urteroko hitzordua da Lurrama. Aurten Arbonan ospatzea erabaki dute, ELBk eta Lurzaindiak 120 egunez okupatu dituzten lurretan, hain zuzen ere. Lursail horren salmenta geldiaraztea lortu zuten aldarrikapenekin bat eginez, nekazaritzaren eta abeltzaintzaren inguruko jarduerak antolatu dituzte.

Arbonako Berroeta izeneko eremua okupatu zuten ELB sindikatuak eta Lurzaindia elkarteak duela lau hilabete. Atzo 120 egun bete ziren, hain justu lurrak utziko zituztela iragarri zuten eguna. Ez da hutsala izan, ordea, lur horien salmenta gelditzea lortu baitzuten eroslea behin betiko erretiratu zenean.

Lurraren jabeak Safer egiturarekin –lurren prezioak finkatzeko Estatu frantseseko egiturarekin– negoziatzen jarraitzen badu ere, garaipen txiki bat izan zen irailean lortutako hori eta horregatik atzoko egunak ospakizunerako aukera eman zuen. Izan ere, urteroko Lurrama azoka bertan ospatu zuten.

Elikadura subiranotasuna aldarrikatu zuten azokara bertaratutakoek. «Etxetik hurbil jaten badugu, bioaniztasun landatua eta bertako arrazak babesten baditugu, energia aurrezten dugu; besteak beste, garraioak tipituz. Burujabetzarako bidea hartzen dugu ere egun pairatzen dugun sistema liberal eta kapitalistak munduko beste puntan merke ekoiztuak diren elikagaiak erostera bultzatzen gaituztelarik», zabaldu zuten Lurramatik.

Izan ere, nekazaritza lurrak lortzea gero eta zailagoa da, eta elikatzeari utziko ez diogunez, nahitaez kanpotik ekarritakoa jan beharra izango dugu.

Horregatik, Lurrama azokaren bitartez mezu hau eman nahi izan zuten: galtzen diren lurrak ezin direla berreskuratu; espekulaziotik salbatu duten Arbonako lur horretan bertan ideia hori azpimarratzen zuen pankarta bat jarri zuten, “Behin saldua, betikoz galdua”.

Euskal Herriko Laborantza Ganberak sortu zuen Lurrama azoka duela 16 urte, laborantza herrikoia eta iraunkorra bultzatzeko asmoz.

Aldarriaz haratago

Urteroko Lurrama azoka laborantzaren eta ekologismoaren inguruko elkarteen topagunea da, elkar ezagutu eta herritarrekin harremanak sortzeko. Era berean, antzeko arazoak dituzten taldeek elkarrengandik ikas dezakete.

Aldarrikapenerako espazio izateaz gain, familia osoarentzako egitaraua prestatua zuten atzo, urtero bezala. Goizean, Euskal Herriko kulturan lurrak duen garrantzia aitortzeko hitzaldi batekin hasi zen festa. Ondoren, hainbat tailer eskaini zituzten: barazki eta zuhaitzak noiz eta nola landatu behar diren ikastekoa, sagarrak tinkatzekoa eta dastatzekoa eta ardiei ilea moztekoa.

Haurrentzako txokoan, animaliak ukitu eta zaindu ahal izan zituzten, eta pottoka eta asto gainean ibili ahal izan ziren. Artzain txakur erakustaldia, ibilaldi botanikoa eta herri kirolak ere izan ziren.