Maddi TXINTXURRETA
DONOSTIA

Bizitzaren «kra» horretatik hamar urtera umotutako istorioa, gero «kar» egiteko

«Krakovia» aurkeztu du Goizalde Landabaso-Etcheverry idazle eta kazetari bilbotarrak, bere lehenengo eleberria. Neurri batean bera ere baden –baina ez da, ez bada «unibertso paralelo batean»– emakume baten istorioa kontatzen du, nola, ondo jakin gabe, iritsi den ospitaleko 15 metro karratuko gela estura eta nola darabilen umorea, ezkutuan daraman minak, heriotzak, leihotik sartzen dituen beldurrak aienatzeko.

Eritasun larri batek sortutako katarsia barre-algara gisa ere aurkez daitekeela. Hori proposatu du Goizalde Landabaso-Etcheverryk atzo Donostian aurkeztu zuen eleberrian: “Krakovia”, ospitalera nola heldu den oso ondo ez dakien emakumearen narrazioa.

Ospitalera sartu du idazleak eleberriko protagonista, edo ospitalea izan da protagonistara sartu dena. Narratzaileak 15 zentimetroko zabalera eta lau zentimetroko sakonera duen zauria dauka, zulo bat haragi bizian. Mina sentitzen duen arren, ez die erakusten 15 metro karratuko gelatxora bisitan agertzen diren horiei, ezpada irakurleari: bere barruak aurkezten dizkio. Biluzik agertzen da.

Narratzaileari umorearen eta ironiaren botereak esleitu dizkio Landabaso-Etcheverryk ezustean etorritako egoerak dakarzkion beldurrak aienatzeko, zulora ez amiltzeko. Umorea badelako beste generoetan idatzi gabeko arauek idaztea debekatzen dutena esateko tresna ere. Boris Vian-en zita ekarri zuen aurkezpenera: «Umorea da beldurraren kortesia». Umore beltza egiten saiatu da, txisteak kontatzen: «Bufoiak beti esaten dizkigu egiak aurpegira eta guk barre egiten dugu».

Heriotza hurren ikusten ez duenak, adinagatik edo, ez baitio heriotzan pentsatzeari denborarik ematen. Eta «hurrengo goizik egongo ote den» ez jakiteak jartzen du “Krakovia”-ko protagonista, parez pare, heriotzaren eta beldurren aurrean. «Izoztuta», mundua martxan eta bera geldirik, tarteka bisitak, zeladoreak, medikuak, bere ondotik pasatzen diren bitartean.

Horrenbeste joan-etorriren bide erdian, ia publiko sentitzen du bere bizitza emakumeak. Isiltasun uneetan topatzen du pribatutasuna eta orduan ekingo dio hausnartzeari.

Bada eta ez da

Beretik idatzi du nobela Landabaso-Etcheverryk, baina ez guztiz. Orain hamar urte idazleak bizi izan zuen atakan jarri du liburuko narratzailea, partekatzen dute mina, baina ez dira pertsona berbera: «Unibertso paralelo bat sortu nuen, ni ez naizen ni bat sortzeko. Niri gertatutakoak biltzen ditut, baina gertatu ez zaizkidanak ere bai».

Horrelakoetan, edonori noizbait bizitzak egiten dion «krak» horren baitan, ihesbiderik bada sortzen dira heldulekuak, gauero-gauero «azken loa» izango ote den pentsamendu errealari iskin egin baino aurre egitera bultzatzen dutenak. Krakovia du andrazko protagonistak helduleku, edozeren gainetik biziraupena gailentzera ematen duen ihesa.

Poesian, narrazio laburretan eta kronikan ibilia da kazetaria, hurrenez hurren eta argitalpen denak aipatu gabe: “Babeserako kopia” (2015, Txalaparta); “Bränskint” (2011, Txalaparta) eta “1362 km euri” Garazi Goiarekin batera (2019, Txalaparta). “Krakovia”-rekin estreinatu da eleberrian, Erein etxearen eskutik. Udarako goiz bero batean hasi zuen bere lehenengo eleberria Goizalde Landabaso-Etcheverryk, eta uda horretan bertan bukatu, tabernako wifiaz eta kafe beroaz lagunduta.

Hamarkada bat atzera gertatutakoak paperera eramatea, baina, prozesu luzeagoa izan da idazlearentzat. Hamar urtekoa, bada. Liburuko protagonista bera baino ausartagoa iruditzen zaiola esan zuen atzo. Baina erraza dela hori esatea denborak emandako abantailarekin.