Ione Olea Irureta
GAURKOA

Nire barneko mamua

Gogoratzen dut nire barneko mamuaren hitzen indarra. Baita bere hitzak ere: «Hori ez jan, gizendu egingo zara». «Argaldu egin zara eta denek lodi ikusi nahi zaituzte». «Ez egin kasurik esaten dizuten gauzei, inork ez zaitu ulertzen». «Nik bakarrik dakit zer komeni zaizun». «Hori jaten baduzu gaizki sentituko zara eta aldiz, jaten ez baduzu, garaitu duzula sentituko duzu». «Goseari aurre egiten diozunean hobe sentitzen zara». «Zeinen gogorra zaren!». «Erabat kontrolaturik daukazu egoera», etb.

Ez nintzen benetan gertatzen zenaz jabetzen. Ez nuen errealitatea zen bezalakoa ikusten. Obsesionaturik bizi nintzen eta elikagaien beldur nintzen. «Paketea» ere hartu nion janariari eta batez ere jateari. Plateraren aurrean egotea ez nuen atsegin. Ez nuen jatorduez gozatzen. Otordu bakoitza sufrimendua zen. Itxurak egin beharreko momentua. Janaria sardexkarekin mareatu eta ahal nuen gutxiena ahora sartu, ahalik eta zati txikienak eginez. Pf... zeinen aspergarria. Zeinen neketsua. Ez dut gehiago jan nahi, benetan gosea izan arte...

Baina jaten dugun guztiak ez gaitu gizentzen. A, ez? Ba, ez, noski. Gorputzak beharrezko dituen nutrienteak erabili, erre egiten ditu energia sortzeko, mugitzeko, ikasteko, aktibitate ezberdinak aurrera eramateko, bizirauteko. Eta behar dituen nutriente horiek baino gutxiago ematen badizkiogu, ezin du ongi funtzionatu. Ezin ditu betebeharrak berdin burutu. Horregatik, ahulago nago, hotz gehiago sentitzen dut, indarra ere gutxiago daukat. Nekea, logura, tristura. Aurpegiko kolorea zurbilagoa daukat.

Maite nauen inork ez du ni lodi ikusterik nahi, zergatik nahiko dute hori? Argaltasun larritik irtetea baino ez dute nahi. Osasuntsu ikusi nahi naute, indartsu eta irribarretsu, alai. Eta edozergatik nire pisutik gora igotzen banaiz ere, lagunduko didate tamaina egokira iristen, sobera dudana kentzen, zeren ni neu nire buruarekin gustura egotea nahi dute. Nik bezalaxe. Jaten dudana osasuntsua bada, beldurtzen nauen lodiera hori ez da iritsiko, ez naiz puntu horretaraino helduko.

Baina hori guztia egia zela ikusteko, praktikan jarri behar izan nuen. Jaten hasi behar izan nuen, urdailaren tamaina errekuperatzen joan pixkanaka, ez baitzitzaidan kantitate handirik sartzen. Gutxi jateko ohiturekin erabat txikiturik zegoen eta segituan asetzen nintzen. Kolpetik ezin nuen platerkada handirik jan, baina poliki-poliki, otorduko errazioa handitzen joan nintzen. Gaur platera pixka bat gehiago beteko dut eta ea zer gertatzen den. Ez zen ezer larririk gertatu. Behin eta berriz, platerkadara gehiago hurbilduz, pisua irabazten hasi nintzen, baina poliki-poliki. Eta denbora bat igaro ondoren, dagoeneko tamaina ederrean jaten nuen. Ez nuen gaizki jaten, txerrikeriak saihesten nituen baina pixkanaka gogoko gauzak ere jaten hasi nintzen. Egun batean kroketak. Zer goxoak kroketak! Ahaztua nuen! Hurrengo astean, asteburuan, pizza. Hurrengoan, sandwichak. Astegunetan, normalean osasuntsutzat jotzen duguna jaten nuen eta aste bukaerako otorduren batean bururatzen zitzaidan kapritxoa.

Nire sorpresarako, ez zen ezer larririk gertatu. Kontrakoa. Besoetako lanugoa deritzon ilea desagertu zen, bularren tamaina irabazi nuen, ipurdia, kurbak. Hilerokoa berreskuratu nuen eta berriz erregulatzeko hilabete batzuk behar izan zituen arren, hilabete batzuen bueltan bere onera itzuli zen. Aurpegiko gaixo kolorea ere joan egin zitzaidan. Nire gustuko Martens botak erosi zizkidaten eta bakero eta praka politak. Izterrak beteago nituen eta nire harridurarako, ohartu nintzen nahiago nuela orain ispiluak itzultzen zidan irudia, aurrekoarekin alderatuz. Nire irudiarekin hain autokritikoa izateari utzi nion, indarra berreskuratu nuen eta kirola egiten hasi nintzen, baina orain ezkutuan izan beharrik gabe.

Nire beldurrak ez ziren bete. Ez ziren iritsi. Sasoiko jarri nintzen eta zentzu guztietan hobekuntza nabaria izan zen.

Ondoren, behin nerabezaroa pasatuta, izan nuen lodiago jarri nintzen bolada bat. Unibertsitate garaian nahiko trakets jaten ibiltzen nintzelako, pizza gehiegi, hanburgesa gehiegi... Italian Erasmus egin nuen eta han kilo batzuk goitik jarri nintzen. Hura izan zen lodien egon naizen garaia. Bolada hartan berriz ere figura estaltzen hasi nintzen arropa zabalen azpian, baina etxean esku bat bota zidaten hobe jatera itzultzen lagunduz eta berriz ere orekatu nintzen.

Argi dago ez bada osasun arazo bat tartean, ez dela inor komeni zaion pisutik gora geratzen osasuntsu janez, eta are gutxiago hazte prozesuan. Garai horretan gorputza osatzen ari da, formatzen ari da, eta ez badiogu gorputzari beharrezkoa duena ematen ez gara ahalko genuen altuera eta osasuna izatera iritsiko. Agian nik ez banu garai hartan elikadurarekin jolastu, orain zentimetro batzuk altuagoa izango nintzatekeen. Eta hori gutxienekoa da. Agian ez banintz guztiz sendatu, ezingo nukeen dudan familia izan. Edo ez nintzatekeen sano egongo orain, agian arazoren bat sortuko nion neure buruari, egoera hura denboran gehiago luzatu izan banu.

Kontua da, kostata izan bazen ere, kalteaz jabetu nintzela eta nire buruko mamuaren ilusio faltsuez ere bai. Agian ez zidan gezurrik esan nahita, edo helburu horrekin, baina argi dago oker zegoela.

Eta, hau guztia zergatik orain? Zein helbururekin? Gaixotasuna erabat gainditua dudan garai honetan, elikagai eta elikadurarekin harreman ezin hobea dudan une honetan, pentsamendu obsesiboetatik guztiz at, esan nahi baitiot bihotz-bihotzez, asko maite dudan pertsona berezi bati: «Nik ulertzen zaitut eta ziur naiz hau zuk ere gaindituko duzula».

Azkenik eta bide batez, idatzi honek egoera berean edo antzekoan aurki daitekeen edonori laguntzeko balio dezan eman nahi diot oihartzuna.