Larraitz Ugarte
Abokatua
GAURKOA

Umiltasuna politikagintzan: desagertua den balioa

Beste milaka euskal herritarrek bezala, etxekook konfinatuta pasa ditugu Gabon oporrak, guztiok covid gaitzaz positibo eman ondoren. Filmak eta serieak irentsi, mahai- jokoetara elkarrekin jolastu eta liburuak irakurtzeko paradarekin batera, sare sozialetan eta hedabideetan kontatzen direnak irakurtzen aritu naiz, akidura eta jakin-minaren artean balantzaka. Giroa nahasia da: jendea haserre, krispazioz betea eta nekatuta ikusten dut eta horrela gaudenean dena iruditzen zaigu gaizki, denari ematen diogu negatibotasun plus bat. Beharrezko erremintak izango ez bagenitu bezala, erresilientziarik gabe, frustrazioa kudeatzen jakin gabe. Garaiezinak ginela uste genuenean gure bizitzak hankaz gora jarri eta agintarien mezu itxaropentsuenak erridikulu larrian utzi dituen birus honen iraunkortasunak ia-ia errendizio kolektiboan utzi gaitu. Halaxe iruditu zaizkit Gabon hauetako gure agintarien mezuak: «Ei jende, toalla bota dugu, save yourself. Erosi testa, hartu tenperatura, zaindu, etxean geratu eta amaitzean jaitsi zure baja medikoa webgunetik». «Edo nahiago baduzu zoaz ospitale pribatu batera, han ondo artatuko zaituzte». Zerbitzu publiko bokazioaren ukazio betea.

Motiboak sobera izanik, haserreari forma politikoa ematen saiatu naizen arren, politikak ere ez duela guztia azaltzen ondorioztatu dut. Ze bai, osasun publikoa azken urte luzeetan desmantelatu da eta ezin dio egun dugun olatuari erantzun. Gure osasun sistemaz harro geundenoi mitoa erori zaigu eta bere ahulezia guztiak agerian geratu zaizkigu. Baina egia da ere ezin dimentsionatu ahalko litzatekeela zerbitzu publiko bat behinola gerta daitekeen ezusteko oldeari erantzuteko. Osasun sistema indartsuagoak dituzten herrialdeetan ere bada tentsionamendua osasun sisteman eta ohe falta. Bi eztabaida ezberdin dira, beraz, eta haserreak ez gintuzke gauzak nahastera eraman behar. Zinez saiatu naiz enpatia ariketa egiten, horrelako salbuespenezko egoera baten kudeaketa zaila dela eta kritika hiperbentilatuak saihesten.

Baina gero, Urkulluren Gabonetako ustezko mezu umila ikusten dut eta zaila, ezinezkoa, egiten zait enpatizatzea. Agian, zerbait espero nuen, osasun krisiaren kudeaketarekiko autokritika zehatz bat eta ez orokorkerien batuketa bat: autokritika bat, azken urte hauetan egindako murrizketen aitortza batekin hasiko litzatekeena eta egoera iraultzeko konpromiso batekin bukatuko litzatekeena. Umiltasun horrekiko ulerkorra izatera iritsiko nintzatekeelakoan nago. Ulerkorrak izan gintezke, gure agintariek umiltasun lezio bat emango balute. Bakoitza salba dadila eta autoantolatu dadila; halako deialdi baten aurrean, beste inolako autokritikaren akonpainamendurik gabe, ezin espero daiteke haserrea eta krispazioa baizik.

Umiltasun falta ikusi dut ere Gabon hauetan hedabideetan elkarrizketa bat ematen duen aldiro bera umila dela laupabost aldiz errepikatzen duen Yolanda Diaz espainiar ministroaren jarreran ere. Gehiegitan errepikatzen du umiltasunarena egia izateko. Lan erreformaren harira eman duen elkarrizketa guztietan, lan erreformaren inguruan lortutako akordioaren bertuteaz hitz egiten du, alde guztiekin, patronalarekin eta sindikatuekin, adostu duela defendatuz. Akordio bat akordio izate hutsagatik ona balitz bezala. Espainian bakea egin du eta antza espainiar eskuina ere pozik dago. Estaturik gabeko nazioak nola gauden beste kontu bat da...

Lurrikara bat gutxiago hasieratik epel jardun duen ezkerreko gobernu batentzat. Cuenta de resultados. Gai sensible batean zero gatazka. Rajoyren erreformaren ondorioz, milaka langilek izan zituzten galerak oso modu partzialean konponduak, baina erreformaren alde gogor batzuk mantenduz. Mundua aldatzea baino politikaren helburua bizirautea bihurtzen denean horrelako akordioak erdiesten dira, eta edukirik ezean akordioa da goraipatzen dena. Baina ze bertute du akordio batek ona ez bada teorian defendatzen dituzun helburuekiko? Bale, Diaz andereak agian ez zuen beste aukera politiko-komunikatiborik ikusten patronala argazkian sartzea baino, agian ez du ausardia politiko nahikorik izan urrunago joateko eta patronalaren enbiteari eusteko. Kalte eta irabazien ponderazioan erreforma xume bat egitea lehenetsi du. Eta kalkulu politikoen arabera jardutea zilegi da. Batzuetan ezkerreko gobernuek ez dute epelak izatea beste aukerarik biziraun nahi badute. Baina hori irakurri izan banu ulerkorra izango nintzatekeen bezala, erabat puztutako irribarre horrek sutu egiten nau. Izan dadila umila eta aitor dezala une hauetan ez duela Gobernu espainiarra ataka batean jarri nahi, Europaren aurrean «zentzudunak» direla erakutsi nahi dutela, hedabideak isilarazi nahi dituztela, erreforma hau hasiera bat dela eta indar korrelazioak horrela ahalbidetzen dienean anbizio handiagoarekin jokatuko dutela... baina ez, Yolanda Diazek ziria sartzea erabaki du eta 2021ean 2005ean instalatuta genituen eskubide batzuk urteetarako galtzera kondenatu nahi gaitu. Harrokeriak ez dio ez berari ez bere alderdiari mesederik egiten.

Politikan eta gobernantzan mugak daude beti. Mugimendu aspirazional bat izatearen edo errealitate bat kudeatzearen artean tartea dago eta muga horiek zein diren garden azaltzeak jendarte kontzienteago eta kohesionatuago bat atxikiko lukete. Anbizioaren eta errealismoaren arteko oreka egoki batek eramango gaitu iraultzarik gabeko eraldaketa-eszenatoki posibleki desiragarrienetara. Betiere umiltasunetik, norbere mugen kontzientzia eta aitortza batetik abiatuz. Jendea tontotzat hartzea ez da luzera etekinik emanen duen aukera. Edo itxaropen horrekin amaitu ditut bederen etxealdiko egun hauek.