GARA
gasteiz

Irakasle kopurua handitzea adostu dute Lakuak eta sindikatu gehienek

EAEko Hezkuntza Sailak eta irakasle funtzionarioen negoziazio mahaian dauden sindikatuetako ordezkarien gehiengoak akordioa erdietsi zuten atzo. Steilas, LAB, CCOO eta UGT sindikatuen babesarekin sinatu zen akordioaren puntu nagusien artean aurreikusi da irakasle kopurua handituko dela eta irakasle/ikasle ratioak murriztuko direla. Bestalde, ingelesa 3 urtetik aurrera ematen hastea jaso du testuak.

Hainbat hilabetez elkarrizketan eta negoziazioan aritu ondoren, Hezkuntza Sailak eta irakasle funtzionarioen negoziazio mahaian dauden sindikatuetako ordezkarien gehiengoak akordioa lortu zuten atzo. Steilas, LAB, CCOO eta UGTren babesarekin, ratioak murriztea eta irakasle kopurua handitzea adostu zuten.

Ohar batean Gasteizko Gobernutik jakinarazi zutenez, adostutako dokumentuaren helburua ikastetxeen antolaketa eguneratzea da, «baita sare publikoan estrategikotzat jotzen diren ardatzak sustatzea ere». Izan ere, «ikastetxeen kudeaketari, funtsezko esparruak indartzeari eta plazak finkatzeari buruzko alderdiak jasotzen ditu», zehaztu zuen.

Zehazki, adostutako testuak ingelesaren ikasgaia 3 urtetik aurrera ematen hastea aurreikusi du, baita ikasgai honetarako irakasle kopurua handitzea ere. Lehen Hezkuntzan Soin Hezkuntzako irakasleak gehitzea ere jaso du. Halaber, egiturazko plazak ez direnak ikastetxeko plaza egonkor bihurtzea adostu dute, eta Hezkuntza Premia Bereziei loturiko baliabideak gehitzea.

Zuzendaritza eginkizunak betetzeko baliabideak handitzea ere erabaki dute, eta proiektuak garatzeko baliabideen esleipena handitzea, baita Bigarren Hezkuntzan 20 ikasleko kopurua gainditzen duten taldeei tutoretza bikoitza esleitzea.

Era berean, irakaskuntza lanaren eginkizunekin zerikusirik ez duten administrazio zereginetatik libratzeko profil profesionalak sortzea adostu dute: profil administratiboak eta digitalizazioaren kudeaketakoak.

Ratio berriak

Nabarmentzekoa da, halaber, hezkuntza etapetarako ezarritako gehienezko ratioetan izango den aldaketa. Haur Hezkuntzako ratio jaitsierak 2023-24 ikasturtetik aurrera arian-arian aplikatuko dira: 2023-24 ikasturtetik aurrera 3 eta 4 urteko geletan, eta 2024-2025 ikasturtean 5 urteko geletan.

Era honetan antolatuko dira: Haur Hezkuntzako lehen zikloan 18 ikasle (egun 18 dira); Haur Hezkuntzako bigarren zikloan 20 ikasle (egun 23 dira); Lehen Hezkuntzan 23 ikasle (egun 25 dira); DBHn 25 ikasle (egun 25 dira); eta Batxilergoan 27 ikasle (egun 30 dira).

Etapa bakoitzak irakasle hornidura izango du, irakasle/ikasle ratioa honako hau izateko: bi urteko geletan 1/12; Haur Hezkuntzako bigarren zikloan 1/18; Lehen Hezkuntzan 1/20; DBHn 1/20; eta Batxillergoan 1/25.

Elkarrizketa

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak akordiora iristeko elkarrizketak ekarri zituen gogora: «Beti esan dugu elkarrizketa izango zela gure lanerako bidea. Erakutsi genuen apirilaren 7an Legebiltzarrean talde politikoekin eta momentu honetan ere sindikatuekin».