GARA
DONOSTIA

Kontzertu eta ekitaldi handietan eraso sexistak saihesteko protokoloa sortu dute

Beatriz Artolazabal Lakuako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak atzo iragarri zuenez, musika sustatzaileekin batera, kontzertuetan eta ekitaldi handietan eraso sexistak saihesteko protokolo bat prestatu dute.

Artolazabalek Onda Vasca irratian adierazi zuenez, gida datorren astean aurkeztuko dute eta udalentzako egin dutenaren jarraipena da, herrietako jaietan eraso sexistak ekiditen laguntzeko tresnak martxan jartzeko egitasmoaren barruan.

«Jaialdietara, kontzertu handietara eta kongresuetara» bideratutako protokolo berriak «normalean jazarpen mota ezberdinak jasaten dituzten» langileak eta artistak barne hartuko ditu. Adibidez, udan BECen egingo den Euskal Encounterreko antolatzaileek protokolo hau eskatu dute, «hurrengo edizioan erabiliko dutelako».

Artolazabalek adierazi zuen Kultura Sailarekin eta musika sustatzaileekin lan egin dutela, eta gai horren inguruan duten «sentsibilizazioa» azpimarratu zuen. Izan ere, jakitun dira formatu handiko ekitaldi horietan sexu erasoekin loturiko salaketei aurre egin behar izaten zaiela. Ildo horretan, adierazi zuen emakumeen %43k adierazi dutela noizbait jaialdiren batean sexu jazarpena jasan duela.