GARA
BOGOTA

Petro Kolonbiako presidente berriak Maduro Venezuelako agintariarekin hitz egin du

Kolonbiako presidente berria, Gustavo Petro, Venezuelako Gobernuarekin harremanetan jarri da bi herrialdeen arteko mugak zabaldu eta «giza eskubideak babesteko legedia bertara itzul dadin». Ivan Duque aurreko presidenteak 2019an hautsi zituen Venezuelarekin harreman diplomatikoak.

Petro berak argitzera eman ez badu ere, Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak baieztatu du biek telefonoz hitz egin dutela. «Gure herriaren izenean zorionak eman dizkiot Petrori bere garaipenagatik», azaldu du Madurok sare sozialetan, bere telefonoaren argazki bat erantsiz.

Duque Kolonbiako presidente ohia zeozer esan beharrean aurkitu da eta «jendearentzat mugak beti zabalik egon» direla ziurtatu du. Bide batez, «Venezuelak terrorismoa laguntzen uztea» exijitu du, FARCeko disidentziako hainbat agintarik, Ivan Marquez ezizenez ezaguna den Luciano Marin Arangok kasu, mugaz bestaldean babesa aurkitu dutela salatuz. Bogotaren eta Caracasen arteko harremanak oso liskartsuak izan dira Duqueren agintaldian, eta ez bakarrik FARCeko disidentziarekin lotutako auziengandik. Izan ere, Kolonbiak ez zuen Maduro Venezuelako presidente gisa onartzen eta Juan Guaido babestu izan du «enkarguzko presidente» gisa.

Gustavo Petrok, aitzitik, Venezuelarekin harremanak berehala normalduko zituela agindu zuen hauteskunde kanpainan zehar. «Onena harreman guztiak normaltzea litzateke, baina kontsulatuekin hastea izan daiteke bidezkoa», proposatu zuen Nariño etxea jauregi presidentziala hartuko duen lehen agintari ezkertiarrak. «Hiru aukera ditugu: elkarlana bultzatu, batak bestearen kontra egin edo bakartzea. Gure Gobernuak komunikazio irekia izango du era demokratikoan hautatua izan den Venezuelako Gobernuarekin».

Hauteskundeak aise irabazi ondoren, Maduro izan zen Petro pasa den igandean zoriondu zuen lehenetarikoa bere garaipen historikoagatik. «Kolonbiako herriaren ahotsa gailendu da, demokrazia eta bakea aldarrikatuz nagusitu ere. Garai berriak datoz», txalotu zuen Madurok.

Momentuz, Petro eta Duque atzo arratsaldean ziren elkartzekoak, gure gauean.