GARA
IRUÑEA

Polizia indarkeriaren biktimak indemnizatzea posible egin du Iruñeko Parlamentuak

Nafar Parlamentuak polizia eta eskuin muturreko indarkeriaren biktimen aitorpen eta erreparazioari buruzko legea aldatzea onartu du, kalte-ordainen aplikazioan zeuden arazoak konpontzeko.

Legebiltzarrean atzo egindako osoko bilkura.
Legebiltzarrean atzo egindako osoko bilkura. (NAFARROAKO PARLAMENTUA)

Nafarroako Parlamentuak polizia eta eskuin muturreko indarkeriaren biktimen aitorpen eta erreparazioari buruzko foru legearen aldaketa onartu zuen atzo egindako osoko bilkuran, osasun-laguntzaren eta kalte-ordainen inguruko arazoak konpontzeko. Navarra Suma solik agertu zen aurka. Aldaketaren ostean, Nafarroak «terrorismoaren» biktimen adinako kalte-ordainak emango dizkie poliziaren eta Estatuaren indarkeriaren biktimei.

PSNk, Geroa Baik eta Podemos-Ahal Duguk bultzatutako aldaketak aurreko testua zuzendu du, eta kalte-ordainak eta laguntza sanitario eta psikologikoa bermatuko ditu biktimentzat. Izan ere, hasiera batean onartutako testuan, kalte-ordainak Estatu espainolean aitortutako kopuruei lotuta jasota zeuden, baina «terrorismoaren» biktimak aitortzen dituen Estatuko legeak ez dituenez konpentsatzen motibazio politikoko biktimak, zailtasunak zeuden Nafarroako legea aplikatzeko.

Kalte-ordain gisa ezarritako zenbatekoak honakoak dira: 500.000 euro baliaezintasun handiko kasuetan, 75.000 euro ezintasun iraunkor partzialeko kasuetan, 250.000 euro heriotza kasuetan, 180.000 euro ezintasun iraunkor absolutuko kasuetan eta 100.000 euro ezintasun iraunkor osoko kasuetan. Horrez gain, osasun laguntza eta laguntza psikologikoa Osasunbideak ordainduko ditu.

Kontrako botoa eman zuen alderdi bakarra Navarra Suma izan zen. Argudiatu zuenez, onartutako legea «ezker abertzaleak bultzatutako kontakizunaren legea besterik ez da».

Bakartxo Ruiz EH Bilduko bozeramaileak legea babestu zuen, eta nahiz eta «jauzi erraldoia ez izan», erreparazioari dagokionez «biktimen arteko tratu berdintasuna» bermatzen duela nabarmendu zuen. Hala ere, zehaztu nahi izan zuen legeak ez duela zerikusirik justiziarekin.