GARA
IRUÑEA

Bost presoren gradu aldaketen kontra helegiteak aurkeztu ditu Fiskaltzak

Etxeratek jakinarazi zuenez, Auzitegi Nazional espainoleko Fiskaltzak helegiteak aurkeztu ditu Maria Lizarraga, Mikel San Argimiro eta Gorka Vidal euskal presoei onarturiko hirugarren graduen aurka. Gainera, Gorka Martinezek eta Iñaki Bilbaok Basauriko espetxera itzuli behar izan dute, Fiskaltzak errekurtsoa aurkeztu ondoren.

Ekaineko azken ostiraleko mobilizazioa, Iruñean.
Ekaineko azken ostiraleko mobilizazioa, Iruñean. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Etxeratek jakitera eman zuenez, bost euskal presoren gradu aldaketen kontrako helegiteak aurkeztu ditu Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak.

Joan den astean Maria Lizarraga, Mikel San Argimiro eta Gorka Vidal presoei eman zizkieten hirugarren graduen aurka helegiteak aurkeztu ditu Fiskaltzak. Hiru kasuetan, hirugarren gradura igarotzeko proposamenak Zaballako eta Martuteneko tratamendu-batzordeek egin zituzten, aho batez. Halaber, Gorka Martinez Ahedo eta Iñaki Bilbao Gaueka presoek joan den ostegunean Basauriko espetxera itzuli behar izan zuten. Fiskaltzak haien hirugarren graduaren kontra errekurtsoa aurkeztu ondoren, epaileak espetxeratzeko agindua eman zuen.

Etxeraten arabera, 4.500 lagun mobilizatu ziren euskal preso eta iheslarien eskubideen alde, hilabeteko azken ostiralean izandako 70 elkarretaratzeetan.

Hego Euskal Herrira begira, Sare eta Etxerat Iruñeko presondegiko zuzendaritzari zuzendu zitzaizkion, eta eskatu zioten «oztopo izateari uzteko, euskal presoen eskubideak errespetatzeko eta jarrera proaktiboak izateko».

Ohartarazi zuten, halaber, presoen lekualdatzeetan eta hurbilketetan atzematen den «moteltzea» ez datorrela bat «euskal gizartearen borondatearekin». Izan ere, bi hilabete igaro dira azken gerturatzea burutu zenetik eta, «bitartean, euskal preso horien senideek ehunka kilometro egiten jarraitu behar dute 40 minutuko bisitak izateko», gaitzetsi zuten presoen aldeko plataformek: «Topas, Mansilla, Dueñas, Estremera, Alcala, Asturias, Daroca, Zuera, Soria, Burgos, Logroño eta El Duesoko urrutiko espetxeetan dira oraindik 65 euskal preso, beste 17 Frantzian».

Hala eta guztiz ere, egoerak hobera egin duela gaineratu zuten Etxeratek eta Sarek. «EPPK-ko 183 presoetatik 101 daude Euskal Herriko espetxeetan. Ez dago jada euskal presorik lehenengo graduan, 21 hirugarren graduan daude, eta dozena erdi baino gehiago baimenekin ateratzen ari dira espetxetik», zehaztu zuten.

Honek guztiak ez du esan nahi, presoen aldeko elkarteen iritziz, gatibu direnek «onurak» dituztenik, «lege arrunta aplikatuz gero», gehienak atera beharko bailirateke «modu batera edo bestera».

Parisen «jarrera ankerra».

Parisko Gobernuari eta Fiskaltzari begira jarri ziren protestetara gerturatu ziren herritarrak. «Gogor salatu nahi dugu Ion Kepa Paroten baldintzapeko askatasunaren seigarren eskaeraren aurrean frantziar Estatuak agerturiko jarrera ankerra, eta Fiskaltza antiterroristak mantentzen duen mendekuan oinarritutako jokamoldea», gaitzetsi zuen Etxeratek ohar baten bitartez.

Ildo horretan, Ipar Euskal Herrian Bakegileek eta Bake Bidean plataformak presoen eskubideen alde egiten duten lan eskerga txalotu zuen.