Edurne ERREA NUÑO
Steilas sindikatuko kidea
KOLABORAZIOA

Eskoletan ere, aske izan koloretan

Azken urteetan legegintzan aurrerapausoak eman direla dudarik ez dagoen arren, azkenaldian LGTBIQ+ komunitatearen barruan kezka areagotu egin da. Europa mailan ultraeskuinak goranzko joera hartu duela errealitate bat da, eta horrekin batera LGTBIQ+fobiak ere bai.

Ez dugu ahaztu behar pasa den udan izandako erasoen ondoren, ikasturte hasieran eskola publiko batzuek jasan zuten LGTBIQ+fobia. Hori horrela, erasoak jasandako eskolek ez ezik, beste eskola komunitateek ere, irakasle eta familien babesarekin, indarrez aurre egin zioten. Argi dago, azken hamarkadetan LGTBIQ+ taldeek egindako lana izugarria izan dela, baita hezkuntzak eragin zuzena izan duela ere.

Momentu konkretu honetan ezin dugu atzerapausorik onartu, eta askotan aniztasunaren lanketa eskolen esku uzten da, eta ikastetxeetan irakasle askoren lanari esker gai honek hausnarketarako tartea izaten du. Legeak zeharka lantzeko gaia dela esaten du, baina benetan lanketa on bat egin nahi baldin bada, baliabideak, formakuntza eta, batez ere, lanketa egin ahal izateko denbora behar da eskoletan.

Ikasleentzako erreferenteak garenez, irakasleak armairutik ateratzeak ikusgarritasuna dakar, baina horretarako irakasleok lan esparruan seguru sentitu eta ikastetxeen babesa bermatua izan behar dugu.

Nola egingo dugu LGTBIQ+fobiaren lanketa egoki bat, gure lan esparruan irakasleak aske sentitzen ez baldin bagara? Irakasleok ba al dugu edozein eskolatan lan egiteko aukerarik?

EAEn hezkuntza lege berri baten atarian gaude eta, hezkuntza lege berri horren arabera, ikastetxe pribatuak diru publikoarekin hornituak egongo dira; Opuseko Nclick, kutsu erlijiosoa dutenak... Gauzak horrela, ezingo genuke inolaz ere imajinatu Stonewallen borrokatu ziren haiek, poliziari aurre egin ziotenek, eta iraultza piztu zutenek, ikastetxe horietara beren curriculuma bidaliko luketenik.

1969. urtean Stonewallen borrokatu zirenen ondorengoak gara. Hau da, gaur egungo transak, arrazializatuak, maritxuak, bollerak, bisexualak, marimutilak... Diru publikoarekin hornitutako ikastetxe guztietan egon ahal izan arte, ez da aukera berdintasunik egongo, ez irakasleontzat, ezta ikasleentzat ere, eta hori ere LGTBIQ+fobia da.

Nafarroan, ia bi urte badira genero-identitateagatiko diskriminaziorik eza eta transexualen eskubideak aitortzen dituen legea martxan jarri zela, baina paperean polit geratzen dena ez da aurrera eraman. Ez profesionalen formakuntza, ezta diskriminazio positiboa lantokian ere... eta larriena da Departamentuak sexuaren arabera segregatzen duten ikastetxeak diruz laguntzen jarraituko duela.

Beraz, hurrengo ekainaren 28an ez dugu ikusi nahi politikarien argazki iruzurtirik. Zuzen-zuzenean erasotzen digun hezkuntza lege berriaren berridazketa bat nahi dugu, euskal eskola publikoa indartuz, hori baita familia, ikasle eta irakasleon aukera berdintasuna bermatzen duen bakarra.