Elene LOPETEGI eta Mireia DELGADO
Euskal Herriko Bilgune Feminista
KOLABORAZIOA

Gorputza politikoa da

Iritsi da beste urte batez ekainaren 28a, egun seinalatua gure agenda politikoetan. Halako egun seinalatuetan izan ohi den bezala, aldarrikapenak egiteko, gaiarekiko bizi dugun testuinguruaren inguruko irakurketa egiteko eta borrokarako eguna, hain zuzen.

Sistema kapitalista zisheteropatriarkalak etengabe gure bizitzak kolpatzen ditu, egunero eta plano guztietan (ekonomikoa, politikoa, soziala, emozionala...). Hala ere, ezin uka daiteke gorputz batzuk beste batzuk baino gehiago kolpatzen dituela eta hori azaleratzera gatoz.

Azkenaldian jasaten ari garen eraso LGTBIfobikoek bereziki kezkatzen gaituzte. Argi dago faxismoaren eta eskuin muturraren gorakadarekin eta inpunitatearekin lotuta daudela horiek. Kaleak ez dira espazio seguruak guretzat, ezta sarritan egunerokoan egon behar dugun beste espazio asko ere; eskolak, tabernak, lana, familia...

Bollera, trans, trabesti, marika… genero disidentzian kokatzen garenok onartzea ez da nahikoa. Onartzea aldaketa hasteko oinarrizko araua da. Guk dena aldatu nahi dugu, sistema kapitalista zisheteropatriarkala desegin eta beste bat eraiki. Eta horretarako ez dugu nahi onartuak izatea eta sistema honetan bizirauteko leku bat ematea. Ardura eta erantzukizun indibiduala zein kolektiboa oinarrian izango dituen konpromisoa eskatzen dugu, dena aldatzeko. Heteroarauaren eta sistema heterosexualaren baitan egituratutako oro desegin eta sistema berriak eraikitzera goaz; harreman eredu berriak…

Ezin dugu aipatu gabe utzi instituzioek honetan guztian jokatzen duten papera. Badakigu erakundeak ez direla inoiz sistema iraultzeko tresna izan. Ez dugu borroka transmaribolloaren jabe egiterik onartuko, ez dugu pinkwashingik onartuko. Hala ere, tarteka, erakundeak badira bizitzak bizigarriago egiteko zirrikitu posible. Horregatik diogu EAEra iritsi berri den trans legea, adibidez, aukera bat izan daitekeela aldaketak egiten bazaizkio; kutsu esentzialista kendu, terminologia zaindu, dokumentuak aipatu ere egiten ez dituen sexu-langile transak kontuan izan, enpleguaren inguruan hitz egin… finean, pertsona transentzat bizi baldintza duinak eskuratu nahi ditugu. Badakigu legeak ezer gutxi transformatuko duela sistema, baina egiten ari garen bidean aurrerapauso bat izan daitekeela uste dugu, genero autodeterminaziora bidean eta transformazio sozialean aurrerapauso bat. Borroka instituzionala beharrezkoa da.

Era berean, adierazi nahi dugu ez dugula bat egiten hainbat norbanakok eta kolektibok feminismoaren izenean sustatzen dituzten diskurtso esentzialistekin, emakume-gizon binomioa indartzen duten diskurtsoekin. Guk horiek ezartzen dituzten mugak zalantzan jarri eta gainditu nahi ditugu. Badira trans identitatearen barruan izateko hamaika modu. Guk erabakitzen dugu nor garen eta horren alde borrokan jarraituko dugu. Kategoriak eta identitateak ezinbesteko zaizkigu zapalkuntzak eta horien arteko loturak ulertzeko. Horietatik borrokatzen gara eta estrategikoki hautatu sistemaren aurka aritzeko. Gorputza politikoa da eta hortik dihardugu.

Egun ezinbestekoa da aliantza eta sare transfeministak osatzea, norbanako eta kolektiboen artean. Guretzako espazio propioak eraikitzen jarraitu behar dugu; hausnartzeko, antolatzeko, borrokarako tresnak asmatzeko, arnasguneak sortzeko... Horregatik, behin eta berriro antolakuntzarako eta borrokarako deia egiten jarraituko dugu; auzoetan, herrietan, eskoletan… Aspaldi hasitako bidean jarraituko dugu. Asko gara eta gehiago izango gara!

Gora borroka transfeminista!