Joseba ITURRIA
Entrevista
ION IZAGIRRE
COFIDIS TALDEKO TXIRRINDULARIA

«Cofidis 2008tik etaparik irabazi gabe dago Tourrean eta merezi du»

Kontratu berria sinatu zuenean bere helburua astebeteko itzuliak lehiatzea eta Tourrean eta Vueltan etapen lehian aritzea zela azaldu zuen ormaiztegiarrak. Txirrindularitzak duen babesle fidelenetakoari World Tourrean mantentzeko borrokan bere ekarpena eta azken 14 urteotan lortu ez duen garaipena eman nahi dio Kopenhagetik abiatuko den lasterketan.

(Andoni CANELLADA FOKU)

Itzulia kenduta -Arrateko etapa irabazi zuen eta sailkapen nagusian bigarren amaitu-, Ion Izagirreri ez zaio denboraldia nahi bezala atera.

Zein helbururekin arituko zara Tourrean?

Guillaume Martinekin sailkapen nagusian postu on bat lortzen saiatuko gara eta gero helburu pertsonalak lortzen ere saiatuko gara etapa garaipenekin. Cofidisek etapa garaipenen beharra du. Aspalditik ez du Tourrean irabazi eta talde polita dugu helburu horretarako, bai ni, bai Victor Lafay, bai Benjamin Thomas, bai Simon Geschke, bai Max Walscheid… Talde nahiko orekatua daramagu eta ea garaipentxoren batekin itzultzen garen. Azkeneko garaipena 2008koa da, Chavanelek irabazi zuenekoa. Beti da garrantzitsua etapak irabaztea Tourrean eta, talde frantsesa izanda, askoz gehiago. Cofidisek daukan historiarekin merezi du eta uste dut hasi aurretik ere sinatuko genukeela etapa bat irabaztea.

Cofidisekin hasieratik finkatu zenuten hori. Vueltan eta Tourrean etapak bilatzea eta aste bateko itzulietan sailkapen nagusia lehiatzea.

Bai, saiatu nintzen itzuli handietan sailkapen nagusia lehiatzen eta ez zitzaidan iruditu niretzako lasterketak zirenik. Vueltan eta Tourrean etapa garaipenen lehian sartzea hobeto ikusten dut eta hori izango dut helburu. Etapa batzuk markatuko ditut nire aukerak baliatzeko. Helmuga jaitsiera bat eta gero dauden mendiko etapak bilatu behar ditut. Etapa lauetan, oso gogorrak ez direnak, ihesaldi batean sartuz gero, irabaztea oso zaila edukiko dut taldean helduta, ez daukadalako abiadurarik esprinterako.

Zer balorazio egiten duzu urteaz? Itzulia zen zuretzat denboraldiko helburu nagusia, eta Arrateko etapa irabazi zenuen eta podiumen sartu?

Emaitza handirik ez dut lortu hori kenduta. Beti markatu izan dut Itzulia helburu handiena bezala. Aurten oso pozik nago Arrateko etaparengatik, eta benetan gustura sailkapen nagusiko bigarren postu horrekin. Gero egia da hortik Ardenetara eta Romandiara joan nintzela eta ez nituela lasterketa onak egin. Gero Suitzako Itzulian ere gauzak ez zitzaizkidan atera. Espainiako erlojupeko txapelketan ere ez nuen gustura amaitu, eta igandean erorketa baten ondorioz lasterketa uztea tokatu zitzaidan... Pixka bat zoritxarrekoak izan dira azkeneko aste hauek.

Baina entrenamenduak ondo joan dira. Suitzako Itzuliko lehenengo egunean ere, ez dakit bero kolpearengatik izan zen edo beste zerbaitegatik, egun txarra izan nuen, baina egunak pasa ahala nire pedal kolpea berreskuratu nuen eta azkeneko egunetan ihesaldian sartzea lortu nuen eta berriro sentsazioak berreskuratzeak psikologikoki lagundu zidan.

Talde berria da zuretzat Cofidis. Nola sentitzen zara?

Taldea gustura dago nirekin eta ni ere bai taldeak niregatik egiten duenarekin; konfiantza du nigan. Gainera askatasuna daukat egutegia aukeratzeko garaian. Beti laguntzen didate entrenamenduekin, kontzentrazioetan… Oso gustura nago.

Presiorik sentitzen al duzue? World Tourren jarraitzeko puntuak garrantzitsuak dira.

Hiru urteko puntuazio sistema da indarrean dagoena eta azkeneko txanpan, dena korrika eta presaka egiten saiatzen gara guztiok, azterketekin bezala. Azken momentura arte ez gara konturatzen, egia esan nahiko estu dago dena. Puntu beharrarekin gaude eta Tourrean lortzen diren puntuak ongi etorriak izango dira.

Nola ikusten duzu hasiera?

Danimarkan haizea espero da, tentsioa izango da, erorketak… abanikoak ere sor daitezke. Bosgarren etapa, harbide zatiekin, oso urduria izango da, arriskuz betea. Hortik ateratzean ikusiko da nola gelditzen den sailkapena.

Mendiko etapak nola ikusten dituzu? Besteetan baino gogorragoak dira edo antzekoak?

Egia esan ez ditut banan-banan aztertu, baina ikusi dut nahiko mendi badagoela. Alpeak eta Pirinioak sartu dituzte eta zazpigarren etapa igoeran amaitzen da, La Planchen, azken urteetan igotako mendate batean. Beti izaten dira Tourrak gogorrak eta aurten ere seguru horrela dela.

Zer espero duzu sailkapen nagusiari begira? Pogacar eta Jumboren arteko lehia, edo beste norbait ere sar daiteke?

Jende gehiago egongo da garaipenaren borrokan. Egia da hasiera batean Jumbok daraman taldea oso indartsua dela eta Pogacar erreferentzia dela, denak baitakigu zer maila daukan. Baina, hortik aparte, ezin dira beste taldeak, beste faboritoak ahaztu: Ineos, Gaudu, O’Connor... Talde gehienek edukiko dute norbait aurrean.