GARA
DONOSTIA
PIRINIOETAKO BIDEA, ARGI-LERRO BAT ERABAKITZEKO ESKUBIDEAREN ALDE

300 tontor argituz, euskaldun eta katalanen herri gogoa piztea xede

Lehendabiziko irudian, Uzturre mendiko ikusmira, Gure Eskuk joan den maiatzean Euskal Herriko lau gailur argiztatu zituenekoa. Bigarrenean, Aiako Harria silueta dirdirka duela, 2019an.
Lehendabiziko irudian, Uzturre mendiko ikusmira, Gure Eskuk joan den maiatzean Euskal Herriko lau gailur argiztatu zituenekoa. Bigarrenean, Aiako Harria silueta dirdirka duela, 2019an. (Ekaitz ZILARMENDI - GURE ESKU)

Gaurko mobilizazioak «mugarri bat» izan nahi du. Heldu den urtean hamar urte beteko ditu Gure Esku erabakitzeko eskubidea gauzatzeko jaio zen herri mugimenduak, eta egia da neke momentuak sumatu direla, non bazirudien herri gogoa behera zihoala. Baina eutsi dio eta gorako uneak izan ditu. Horren adibide dira giza kate sendoak, bost estadioak, herri ituna, mosaiko erraldoia, herri galdeketak eta Kataluniarekiko elkartasun besarkadak.

Orain, elkartasunetik elkarlanera pasatuz, katalanekin batera Pirinioetako Bidea argiztatzeko erronkari heldu dio Gure Eskuk. Ez da nolanahiko helburua 300 gailur dirdirka jartzea munduaren arreta erakarri eta autodeterminazioaren aldeko mezua zabaltzeko. Baina hori baino baliotsuagoa izanen da oraindik, antolatzaileek nabarmendu dutenez, euskaldunen eta katalanen herri gogoa piztea, edo berpiztea nahi bada, burujabetzarako prozesu bati ekiteko.

«Mobilizazioak erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamika Euskal Herri luze-zabalean indartzeko balio beharko du. Izan ere, uztailaren 2a ez da ezeren amaiera; garrantzitsuena uztailaren 3tik aurrera gertatzen dena da».

Higerretik Creusera

Farola bereziak eta linternak baliatuz, argi-lerro bat osatzea da asmoa, Higer lurmuturretik Creusera, Atlantikotik Mediterraneora. «Euskal Herria eta Katalunia batuz, gure herrien autodeterminazio eskubidea aldarrikatuko dugu. Ikusgarria izango da, esperientzia ahaztezina, gure oroimenean luze iraungo duen mugarria».

Euskal herritarrok 115 gailur argiztatuko genituela iragarri zuten urtarrilean, eta azkenik, 154 izanen dira, ia 40 gehiago. Denera, katalanekin batera, 300 gailurretik goiti. 91 gailur gorriak dira eta 63 berdeak.

Gailur berde guztiak Euskal Herrian daude. Ez dute aparteko zailtasunik, eta irisgarriak dira jende gehienarentzat. Badaude mugikortasun murriztua duten pertsonentzat egokiak direnak ere. Tontor hauetan bilduko da herritar gehien, baina aforo muga dute, masifikazioa saihestu eta ingurumena zaintzeko.

Aipatzekoa da gailur gorriekiko egon den interesa. Hauetako gehienak Erdialdeko Pirinioan daude, nahiz eta Euskal Herrian ere badauden batzuk. Mendizale trebatuentzat soilik dira egokiak. Aforo txikiagoa dute, eta espedizio-taldeak osatu dituzte. Euskaldunok argiztatuko ditugun gailurretako 97 Euskal Herrian daude, eta 57, Erdialdeko Pirinioan.

Gipuzkoako Jaizkibel mendiak protagonismo berezia izanen du ekimenean, bertatik abiatuko baita Pirinioetako argizko bidea.

Jaizkibel, elkargune

17.00etatik aitzinera, musika, jan-edana eta besta giroa iragarri dituzte Guadalupen, eta 18.30etik 23.30era, jaiak eta aldarrikapenak Jaizkibeleko Behatokian jarraituko dute. Izan ere, gailurra argiztatzeko ekintzan parte hartu nahi duen orok 21.00etarako Behatokian edo Paradore Zaharrean egon beharko du.

Ordu horretarako, gailur guztietako partaideak prest izanen dira, eguzkia sartzen denetik ilundu arteko denbora tartean izanen baita ekintza, gutxi gorabehera 21.45etik 22.30era. Katalunian lehenago ilunduko duenez, goizago hasiko dira argiak pizten.

Mendian goiti eta beheiti ibiltzeko moduan ez dagoen edo, bertzerik gabe, horretarako gogoz ez dabilenarentzat ere, aukera bikaina izanen da Jaizkibel. 16.30etik aurrera aparkatzeko aukera egonen da Guadalupen. 18.00etan hasita autobusak izanen dira Guadalupetik Behatokira, eta 22.30etik aitzinera Behatokitik Guadalupera. Lagunartean zein familian joateko plan ederra izanen da.

Etxetik jarraitzeko aukera ere izanen da. NAIZen zuzenean ikusten ahalko da antolatzaileek eskainiko duten zuzeneko saioa. 21.00etatik 22.30era izanen da, euskaraz, Maider Galardi eta Ana Iruretagoiena esatariek gidatuta. Bertan, gailurretako eta aireko irudi ikusgarriak izanen dira.

Gainera, 21.15etik 22.50era, gutxi gorabehera, ekitaldi politiko nagusia eginen dute Kataluniako Guils de Cerdenyatik (Puigcerdá, Girona), eta gailurretako irudiekin uztartuz emitituko dute.

Nazioarteari mezua

Ekitaldi politiko nagusia Castell de Llivian izanen da. Bertan hartuko dute hitza ekintzaren antolatzaile eta laguntzaileek: ANC, Gure Esku, FEEC, Omnium Cultural eta Artistes per la Republicak.

Bertatik zabalduko duten aldarri politikoa batik bat nazioarteari begirakoa izanen da. Horregatik, astelehenean, uztailak 4, bertze agerraldi bat eginen dute Donostian, Euskal Herriari begirako balorazioa eta mezua zabaltze aldera.

«Katalan eta euskal herritarrok libre eta burujabe izan nahi dugu, gure etorkizuna erabaki nahi dugu, eta herritarron borondatea entzun eta errespeta dadin eskatzen dugu. Erabakitzea askatasuna erabiltzea da. Erabakitzea ez da inoiz gatazka iturri; erabakia ukatzea, aldiz, bai», erranen diote munduari.

Zerikusirik al dute Eskozia, Ipar Irlanda, Quebec, Korsika, Flandria, Galizia, Katalunia eta Euskal Herriak Donbass, Krimea, Transnistria, Nagorno Karabaj, Palestina eta Mendebaldeko Sahararekin? Pirinioetako Bidearen sustatzaileen iritziz, «gatazken ondorioen larritasuna oso ezberdina bada ere, oinarria bera da azkenean: lurraldea eta subiranotasuna daude jokoan. Gatazka politiko ia guztietan bezala, eztabaidan dagoena da nork agintzen duen non, norengan eta nola».

Beraz, komenigarria bakarrik ez, ezinbestekoa ere ikusten dute «gerrara garamatzan realpolitik-en logika hau haustea».

Agertu dutenez, Europako bertze herri batzuekin ere partekatzen dute burujabetzarako grina: herri eskoziarrarekin, irlandarrarekin, galestarrarekin, korsikarrarekin eta bretoiarekin, bertzeak bertze.

«Herri batek burujabetzarako bidean aurrera egiten duenean, gainerakoei ere urratzen die bidea; honenbestez, arreta handiz jarraitu behar dugu herri hauetan gertatzen dena ere», azaldu dute. Azkenaldian Eskoziari eta Irlandari adi daude.

Pirinioetako gaurko ekintza ikusgarri hau epe luzerako elkarlan baten abiapuntu gisa irudikatu dute. «1939an, Jose Antonio Agirre eta Lluis Companys lehendakariak elkarrekin erbestera abiatu zirenean -La Jonqueratik gertu, Pirinioak zeharkatuz-, mezu argi bat utzi ziguten ondorengo belaunaldioi: gure borrokak partekatuak dira», oroitu dute. «Parteka dezagun, beraz, askatasunerainoko bidea ere. Bi herrion arteko elkartasuna etengabekoa eta aldebikoa izan da».

Aurrekariak

Pirinioetako Bidea Euskal Herriko eta Kataluniako entitate sozialek elkarlanean antolatutako lehen mobilizazio herritarra da. Katalunian eta Euskal Herrian egindako hainbat ekintza ditu aurrekari.

Horien artean daude Llum i llibertat (2019), zeinetan Montserrateko 131 orratz argiztatu zituzten; ondorengo asteetan, “Argi dugu bidea” lelopean, Euskal Herriko hainbat menditan -artikulu honen irudietako batean ageri den Aiako Harria, Txindoki eta Anboto tartean-, elkartasunez egindako erreplikak; eta Cims per la llibertat (2018).

Gure Eskuk adierazi duen bezala, «aldaketak beti behetik» sortzen dira, «herritarrek bultzatuta», eta Gasteizko Legebiltzarrean gehiengo zabal bat erabakitzeko eskubidearen alde dagoela aprobetxatuta, Pirinioetako argi-lerroak gai honi buruzko eztabaida berraktibatzeko eta aurrera egiteko indarra ematea espero dute, «herritarrak protagonista» izanda betiere.