GARA
TXIRRINDULARITZA - VOLTA PORTUGAL

Mauricio Moreirak irabazi du Juaristi 4. eta Etxeberria 5. geratu diren erlojupekoan

Euskaltelek onenen artean ipini ditu hiru txirrindulari: Txomin Juaristi laugarren izan da, Asier Etxeberria bosgarren eta Xabier Isasa, hamargarren.

Asier Etxeberriak sekulako erlojupekoa egin zuen atzo Volta Portugalen.
Asier Etxeberriak sekulako erlojupekoa egin zuen atzo Volta Portugalen. (EUSKALTEL EUSKADI)

Volta Portugalek amaiera ezin interesgarriagoa izan zuen Porto eta Vila Nova de Gaia artean egindako 18,6 kilometroko erlojupekoan; ikusmin handia piztu zen bai azken irabazlea nor izango zen bai euskaldunen artean zer gertatuko zen. Oso-oso gertu ibili ziren Euskaltel Euskadiko txirrindulariak garaipena lortzetik. Asier Etxeberriak, lehenik Rafael Reis portugaldarraren (Glassdrive) denbora 1.97an hobetu zuen lider jartzeko, eta ondoren Txomin Juaristi bere taldekideak marka hori bost segundoan hobetu zuen, ordurako denborarik onena zena (26:15.56).

Hala ere, oraindik txirrindulari batzuk geratzen ziren helmugaratzeko eta azkenean Mauricio Moreirak (Glassdrive) eskuratu zuen denborarik onena (25:07.87), Antonio Carvalho taldekidearena askogatik hobetuz (25:28.10) eta, gainera, Volta Portugaleko sailkapen nagusia irabazi zuen. Bere beste taldekide Frederico Figueiredorekiko zazpi segundoko desabantaila zuen azken etapa hau hasi aurretik eta azkenean 1:16ko denbora atera zion irabazlearen maillota janzteko.

Euskaltel Euskadik beste sari bat ere izan zuen. Izan ere, Xabier Isasa Top-10ean sartu zen atzoko erlojupekoan, euskal taldeko hiru txirrindulari onenen artean kokatuz.

Sailkapen nagusian, euskaldun onena Jokin Murgialdai (Caja Rural) izan zen, bederatzigarren. Txomin Juaristi hamargarren izan zen, 10:28ra.