GARA
GASTEIZ

Shanghaiko zerrendan, EHU munduko 400 unibertsitate onenen artean mantendu da

EHUk munduko 400 unibertsitate onenen artean jarraitzen du, atzo ezagutarazi zuten Shanghaiko zerrendaren arabera. Eva Ferreira errektoreak nabarmendu duenez, «zoriontsu egoteko modukoa da».

EHUk Leioan duen campusa.
EHUk Leioan duen campusa. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

EHU munduko 400 unibertsitate onenen artean dago, atzo ezagutarazi zen Shanghaiko rankingaren edizio berrian. EAEko unibertsitate publikoa duela hamar urte sartu zen sailkapen horretan; orduan 500 unibertsitate onenen artean sailkatu zen, eta orain 400 onenen artean dago. «Munduko 400 unibertsitate onenen artean egoteak arrakasta izaten jarraitzen du: Euskal Herriko Unibertsitateak ikusgarritasun handiagoa eta ospe bikaina lortzen du nazioartean. Zoriontsu egoteko moduko lorpena da. Duela gutxi jakinarazi genuenez, zazpi espezialitate ditugu munduko lehen 200 unibertsitateen artean. Horregatik guztiagatik, gure unibertsitateko kide guztiak zoriondu nahi ditut, unibertsitatea proiektu kolektibo bat delako eta bere lorpenak guztionak direlako», nabarmendu zuen EHUko errektore Eva Ferreirak.

Rankingak unibertsitateen ikerketen eragina neurtzen du; baita haien nazioarteko prestigioa ere. Harvard, Stanford eta MIT (Massachusetts Institute of Technology) dira rankingeko lehen hiru erakundeak. Lehen hamar postuetatik zortzi AEBetako unibertsitateek betetzen dituzte, eta beste biak Cambridgeko eta Oxfordeko unibertsitateek.

EHUk ohar batean azaldu zuenez, EAEko unibertsitatea «ex aequo kokatzen da 301 eta 400 postuen artean. Inguruabar hori azaltzeko, zerrendan emaitzak aurkezteko ezarritako sistema ulertu behar dugu. Hala, 1. postutik 100. postura handienetik txikienera bitarteko hurrenkera zorrotza ezartzen dute, puntuazioaren arabera. Ondoren, bloke bat osatzen da 50 unibertsitaterekin; beste bloke bat beste 50 unibertsitaterekin; eta hortik aurrera, 500. posturaino 100 unibertsitateko hiru multzo bereizten dira. Sailkapen honen garrantziaz jabetzeko gogoratu behar da mundu osoan goi mailako 20.000 hezkuntza erakunde baino gehiago daudela». Espezialitateei dagokienez, munduko 150 unibertsitate onenen artean kokatu da hiru espezialitatetan.