A.U.A.
ESKUBALOIA

Arrojeria: «Liga 12 taldera murriztu izanak berdintasuna areagotu du»

Esther Arrojeria, Elxen aurkako partidan.
Esther Arrojeria, Elxen aurkako partidan. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Bera Berak ez zuen nahi bezala hasi liga denboraldia. Galdu egin zuen estreinako partida, etxean, Malagaren aurka. Dena dela, azken bi partidetan sentsazioak berreskuratu dituzte. Hala baieztatu zuen Esther Arrojeria kapitainak: «Defentsa oldarkorra mantendu dugu 5-1eko sisteman, baita 6-0koan ere».

Hirugarren sailkatua da Bera Bera, Rocasa eta Aula Valladoliden atzetik. Soilik kanariarrek irabazi dituzte orain arteko partida guztiak eta Arrojeriaren ustez, «ligan dagoen berdintasunaren» erakusle da hori. «Liga hamabi taldera murriztu izanak hori ekarri du, berdintasuna areagotzea eta partida bakoitza final bat izango balitz moduan jokatu behar izatea», iritzi du.

Logroñora bidaiatuko du bihar Donostiako taldeak (19.00etan, Kirol Jauregian). Igo berri den taldea da Grafometal La Rioja, ez du partidarik irabazi, baina maila ona erakutsiko duelakoan dago Arrojeria. Usurbildarra, gainera, ziur dago «beraien zaleen aurrean gauzak ez dizkigutela batere erraz jarriko».

BIDASOAREN TOURMALETA

Bidasoa-Irunen tourmaleta gaur hasiko da Valladoliden aurka (20.00etan, Artalekun). Liga eta Europaren artean, bost partida jokatu beharko ditu denbora laburrean.