I. GARATE - A. URKIRI
PENTATLOIA

Txapelek ematen duten presioa kudeatu eta «disfrutatzea» xede

Bihar 22.00etan hasita, pentatloiko finalak jasoko ditu Azpeitiko zezen plazak. Andoni Iruretagoiena “Izeta VI.a” eta Karmele Gisasola “Zelai III.a” dira azken txapeldunak eta biek ala biek onartu dute txapelak «presioa» eragiten duela.

Banakako pentatloiko finalaren aurkezpena Leaburun egin zuten. Joseba Otaegi izan ezik, finalista denak bildu ziren.
Banakako pentatloiko finalaren aurkezpena Leaburun egin zuten. Joseba Otaegi izan ezik, finalista denak bildu ziren. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Pentatloia gero eta sona handiagoa ari da hartzen. 2018an berrartu zuten gizonezkoen txapelketa, 28 urteko etenaren ostean, eta iaz egin zen aurreneko emakumezkoen pentatloia, banaka zein binaka. Ikusgarritasuna irabazi du probak, belaunaldi berrietako jendea plazaratu da eta markak ondu dira.

Bosgarren edizioa izango du jarraian gizonezkoen banakako pentatloiak eta finalera sailkatu dira Andoni Iruretagoiena “Izeta VI.a”, Joseba Otaegi, Ioritz Gisasola “Zelai IV.a” -finaleko gazteena-, Aitzol Atutxa, Julen Gabirondo eta Xabier Zaldua -atarikoan denbora onena egin zuena-.

Emakumezkoetan, bigarren edizioa izango du banakako pentatloiak eta iazko txapeldun Karmele Gisasolarekin batera, Nerea Arruti -aurtengo binakako txapelduna, Arbelaitzekin batera- eta Lucia Orbe -binakako lehen txapela irabazitakoa- lehiatuko dira.

«Apur bat urduri nago, ez dut gezurrik esango. Larunbata iristeko irrikaz eta lehiatzeko gogoz», adierazi du NAIZ Irratian Karmele Gisasola “Zelai III.ak”. «Disfrutatzea» izango du xede, zalantza baitu txapela errepikatzeko moduan ote dagoen. Azaldu du udaran, batez ere, harri-jasotze txapelketak izan dituela eta beraz, ez duela tarte gehiegirik izan pentatloia prestatzeko: «Arantza hori daukat. Ez dut behar beste entrenatu eta badakit lana egiteko gai naizela, baina ez dakit zer denboratan».

Harrian, 63 kiloko bolari 15 jasoaldi eman; giza proban, 250 kiloko harriari, plaza bat: aizkoran, 45 ontzako bi egur moztu; txingetan, 35 kilori 4 plaza, eta korrika, 1,5 kilometro: horixe egin beharko dute hiru kirolariek. Mallabitarrak zehaztu du aurtengo egurrak «zertxobait» handiagoak direla eta beraz, ez dakiela nola moldatuko diren denborak hobetzeko. Berea da errekorra -jakina, orain arte edizio bakarra lehiatu baita-: 18 minutu eta 57 segundoan bete zituen lanak iaz. Bi arerioek beldurtzen dute, baina batez ere Nerea Arrutik: «Uste dut beste maila batean dagoen kirolaria dela. Herri kiroletan hasi denetik aizkorari eman dio lehentasuna eta oso ondo moldatzen da. Aizkorako proban nik uste dut aldea aterako digula eta horrek ematen dit beldurrik handiena, korrikan ere ondo moldatuko delako. Saiatuko gara geure burua ere estutzen eta dena ematen, baina ez dakit aurten dena emate horrekin txapela eskuratzeko moduan egongo naizen».

TXAPELEN MOTXILA

Banakako pentatloiko lehen txapela jantzi zuen iaz Karmele Gisasolak eta onartu du presio gehigarri bat sentitzen duela. Presio hori txapelak pilatzen hasi denean igartzen hasi dela azaldu du: «Hor badago puntu bat. Ez dakit zure buruari erakutsi behar diozun, edo gainerakoei, txapelduna zarela edo zerbaitengatik irabazi dituzula orain arteko txapelak. Presio puntu hori sentitzen dut eta ez diot inori opa». «Ondo lehiatu nahi dut. Eta aurten txapela irabazi baino nahiago dut lan txukun bat egitera bideratu nire burua, eta ahal dela, pixka bat disfrutatu ere bai», gehitu du.

“Zelai III.aren” sentsazio hori berretsi du Andoni Iruretagoiena “Izeta VI.ak”. Banakako azken edizioa berak irabazi zuen, errekorra hautsita (33 minutu eta 29 segundo); binakako azken hiru txapelketak ere irabazi ditu, hala nola Gipuzkoakoa ere. «Nik uste dut behar baino presio handiagoa eragiten duela azken urteko txapeldun izateak. Baina tira, hori ere kudeatzen ikasi behar da. Kostatzen ari zait ikastea, baina poliki-poliki ikasiko dugu», onartu du NAIZ Irratian.

Ondo sentitzen dela azaldu du. Apur bat atseden hartzen pasatu du astea, «indarrak hartzen», eta puntu onean iristea espero du. Entrenamendu aldetik ere gustura agertu da: «Lan politak egin ditugu». «Entrenamendu luze asko egin ditugu, denborak ere txukunak atera zaizkigu eta ia gero plazan denbora horiek egiteko aukera dugun», gehitu du.

Gizonezkoek egin beharreko lana honako hau izango da: harrian, 100 kiloko bolari 25 jasoaldi eman; giza proban, 400 kiloko harriari, bi plaza; aizkoran, hiru kana-erdiko hiru egur moztu; txingetan, 50 kilori 6 plaza, eta korrika, 3 kilometro.

Denbora hobetzea du xede -«markak ontzeko daude»- eta zaio gustatzen ‘faborito’ hitza: ez, behintzat, bere ahotik aterata. «Inor ez dator txapela ez janztera: denok goaz etxeko lanak egin eta, ahal bada, txapela janztera. Etxeko lanak ondo ateratzen badira eta egun ona badut, txapela janzteko aukera izango dut», zehaztu du “Izeta VI.ak”. Bide horretan, arerio gogorrak izango ditu, baina iritzi du Xabier Zaldua, hiru ediziotako irabazlea, izango duela arerio zuzenena.