Imanol CARRILLO
HONDARRIBIA

Hondarribiko eskolako zaborra Udalaren ardura dela adierazi dute

Talaia Eskolako Familia Elkarteak deituta, manifestazio jendetsua egin zuten atzo Hondarribian, garbitzaileen greba dela-eta ikastolan pilatutako zikinkeriaren aurrean Udalari erantzukizuna exijitzeko: «Ikasgela duin eta garbiak behar ditugu».

Gurasoak eta ikasleak, Hondarribiko Udalaren aurrean.
Gurasoak eta ikasleak, Hondarribiko Udalaren aurrean. (I. CARRILLO)

«Tristura, ezinegona, kezka eta amorrua». Lau hitz horiekin deskribatu zuen Talaia Eskolako Familia Elkarteak, atzo Hondarribiko kaleetan egindako manifestazioan, egoera honek kaltetzen dituen guraso, ikasle eta irakasleek sentitzen dutena. Satarka, Biteri eta Bordari eskoletako garbitzaileak euren lan eskubideen alde apirilaz geroztik greban daudela-eta, geletan gero eta zikinkeria gehiago pilatuz doa, baina azken asteetan egoerak okerrera egin du, osasun arazoak sortzen ari baitira haurren artean. Hain zuzen, egoerak klaseak geletatik kanpo ematera behartu ditu Biteri eta Bordari eskolak, eta hori aski ez eta ume txikienek ezin dute psikomotrizitate gela erabili «garbitasun faltagatik».

Horregatik, azken asteetan enpresa eta garbitzaileen artean izandako bilerek eta Udalak auzi honetan inplikatuta dauden eragile guztiekin egindako bilera ugariek emaitzarik eman ez dutenez -eta Udalak «eskuak garbitu» nahi dituelako-, manifestazio jendetsua egin zuten atzo Hondarribiko kaleetan. Biteri eraikinetik San Pedro kalera abiatu ziren eta, ondoren, Zuloaga kaletik pasatu, Alde Zaharrera igo eta Kale Nagusian, udaletxearen parean, amaitu zuten. Bidean, manifestariak ahalik eta zarata gehien ateratzen aritu ziren. Horretarako, txistuak, katiluak eta halakoak erabili zituzten.

Azken egunotan aldarrikapenarekin bat egin dute beste herri batzuetako guraso elkarteek. Irungo Txingudi Ikastolakoa izan da horietako bat. Alderdi politikoen artean Abotsanitz izan da bere kezka azaldu duen azkenetarikoa. Hiru gauza eskatu dizkio Udal gobernuari; horietako bat, Arrasaten EAJk eta PSEk erakutsi duten «jarrera berbera» erakuts dezala. Arrasateko kasuan, udal garbitzaileek ere baldintza duinak eskatu zituzten eta udal gobernuak enpresa azpikontratatuari langileekin akordio batera iristeko eskatu zion.

Atzoko manifestazioaren helmuga sinbolikoa izan zen, kexa udaletxe aurreraino eraman baitzuten. Gatazka honetan EAJk agintzen duen Udalak «ardura» duela adierazi eta ardurak ezin direla azpikontratatu azpimarratu zuten.

Amaieran irakurritako mezuan ziotenez, «amorrua» sentitzen dute: «Batez ere amorrua, apirilean hasi zen lan-gatazka urrira arte luzatzen utzi dutelako; hilabeteak, bata bestearen atzetik, alferrik pasatzen ikusi ditugulako. Amorrua, irensten zailak zaizkigun negoziazio-egutegiak ezarri direlako. Amorrua, konponketarako bideak ibili beharrean, batzuek nahiago izan dutelako inora ez zeramaten bidezidorretan galdu».

«Amorru horrek elkartu gaitu udaletxearen aurrean. Udalari esan nahi diogulako eskola-eraikinak garbitzeko ardura berea dela. Ardurak ezin direlako azpikontratatu. Ezin dugulako ulertu herria gobernatzeko mandatua duten ordezkariek nola utz dezaketen horrelako arazo bat maila honetaraino usteltzen. Jakin badakigulako gatazka honen konponketak ez duela neurriz kanpoko ahaleginik eskatzen».