Marcel PENA
BILBO

Iharraren heriotzaren gainean «gezurra» zabaldu zuen bertsio ofiziala salatu du Egiari Zorrek

Egiari Zor Fundazioak Juan Antonio Aranguren «Iharra» omentzeko ekitaldian adierazi zuen «bertsio ofizialen kutxa iluna» ireki beharra dagoela, duela 50 urte hil zuten gaztearen heriotza argitzeko.

Bustinzak loreak eman zizkien Iharraren senideei.
Bustinzak loreak eman zizkien Iharraren senideei. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Egiari Zor Fundazioak Juan Antonio Aranguren Mujika, «Iharra», oroitzeko ekitaldia burutu zuen atzo, ETAko militantea Guardia Zibilarengandik ihesi zebilela Urdazubin hilik suertatu zenetik 50 urte betetzen direnean. Deustuko Done Petri plazan egindako ekitaldian, Egiari Zor Fundazioaren izenean, Bilboko Amistad kalean Guardia Zibilak hildako Jose Migel Bustinzaren alaba Maiana Bustinzak aldarrikatu zuen «bertsio ofizialen kutxa iluna ireki beharra» dagoela, Iharraren heriotza argitzeko.

«Euskal Herriko gatazkaren testuinguruan, pertsona asko hil dira hamarkada luzeetako indarkeria eta konfrontazio armatuaren ondorioz. Gure geografian hainbat indarkeria egon dira, eta giza eskubideen urraketa eragin dute; mina eta sufrimendu handia», gogorarazi zuen Egiari Zorreko eledunak, «Poliziaren indarkeriak, salbuespeneko espetxe-politikak, eskuin muturrak, gerra zikinak, torturak edo Estatuko segurtasun-indarrekiko ustezko liskarretan» hildakoei erreferentzia eginez. Ildo horretan, Iharraren kasua gogora ekarri zuen Bustinzak: «Duela 50 urte Guardia Zibilak Juanan Aranguren Mujika deustuarra hil zuen Urdazubin. Guardia Zibil frankistek esan zuten eurekin izandako liskar armatu batean hil zela. Hiltzaileen gezurra nagusitu zen, bertsio ofiziala bilakatuz». Horregatik, duela hainbat urtetatik errepikatzen dute ezinbestekoa dela «bertsio ofizialen kutxa iluna irekitzea», «benetako krimenak ezkutatzeko» eraiki zelako.

Amaitzeko, «akats izugarri eta ulertezintzat» jo zuten Lakuako Gobernuak aurten ekitaldi instituzionalik ez egitea ofizialki aitortu diren Estatuaren bortizkeriaren biktimen omenez, eta «elkarbizitza demokratikoa» eraikitzeko bidean, eskatu zuten «konfrontazio armatuaren ondorioak gainditzea, pertsona guzti-guztien eskubide guztiak bermatzea eta izaera politikoko gatazkaren arrazoiei heltzea».

Aranguren Mujika familiaren izenean, Iharraren ilobak Deustuko herriari eskerrak eman zizkion «hark hasitako borroka mantentzeagatik eta bere oroimena gaur arte ekartzeagatik».