GARA
GASTEIZ

Karta Sozialak U30eko grebagatik auzipetutakoei babesa adierazi die

2020ko urtarrilaren 30eko grebagatik deklaratzera deitutako lau gazteei elkartasuna adierazi zien atzo Eskubide Sozialen Kartak; Gasteizko epaitegiaren aurrean egin zuten elkarretaratzea, «Lan, pentsio eta bizi duinen alde borrokatzea ez da delitua!» lelopean.

Lau auzipetuei elkartasuna adierazteko kontzentrazioa Gasteizen.
Lau auzipetuei elkartasuna adierazteko kontzentrazioa Gasteizen. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

2020ko urtarrilaren 30eko greba orokorragatik deklaratzera deitutako lau grebalarien aurkako epaiketa gaitzesteko, elkarretaratzea egin zuen atzo Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Gasteizko epaitegiaren aurrean. Protestan, auzipetuen absoluzioa eskatu zuen.

Elkartasuna adierazteaz gain, «aldaketa sozialaren aldeko borroka kriminalizatzeko eta zigortzeko saiakera berria» dela salatu zuten. Elkarretaratzean irakurritako manifestuan ziotenez, epaiketak «muntaia poliziala» du oinarri eta «eskubide sozialen defentsan borroka egiten dugun guztiok beldurtu eta kriminalizatzea du helburu».

«Isilik eta sumiso nahi gaituzte, baina ez dugu onartzen eskubide sozialen alde egiten dugun herritarron aurkako zigorrik, oligopolioak eta aberatsak are gehiago aberasten ari diren bitartean», salatu zuten.

«Borrokan jarraitzen dugu»

Adierazpenean duela bi urteko urtarrilaren 30ean egindako greba orokorreko aldarrikapenek «gaurkotasun osoa» dutela azpimarratu zuten, joan den larunbateko manifestazioa ere gogora ekarrita.

Zehazki, aberastasuna banatzeak eta soldata eta pentsioen erosteko ahalmena galtzen ez jarraitzeak «beharrezko» izaten jarraitzen dutela zioten. Horiez gain, genero arrakalarekin amaitzea; diru sarrera duinak bermatzea; zerbitzu publiko unibertsalak bermatu eta indartzea; etxebizitza, energia, elikadura eta oro har eskubide sozialak pertsona guztientzako bermatzea; zaintza lanak banatzea, eta baliabide naturalak eta ekosistema zaintzea dira aldarrikapen nagusiak.

«Bakoitzak bere eremuan zein elkarlanean borrokan jarraitzen» duela aldarrikatu zuten bertaratutakoek.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren ustetan, borroka da, hain zuzen, «dugun tresnarik eraginkorrena gure eskubideen zein eraldaketa sozialaren alde egiteko».

Alde horretatik, «pobretzearen aurka zein lan, pentsio eta bizitza duinen alde mobilizatzen eta aliantzak ehuntzen» jarraituko dutela adierazi zuten konzentrazioan.