Oihane LARRETXEA
GURASOS ELKARTEAREN MOBILIZAZIOA

ERRAUSTEGIA GELDITU, HAUSNARTU ETA ADOSTU

Arkaitzerrekako dioxina isuriak Añarbeko saneamendu sarearen bidez Donostiako Monpas ingurura desbideratzeko aukera da azkenaldian erraustegiaren inguruan eman diren albiste larrien artean azkena. Gurasos-ek azpiegitura behin-behinean gelditu eta eskua luzatu die erakundeei eseri eta hitz egiteko. Betiere, ingurumena eta osasuna lehenetsiz.

Ehunka lagun bildu zituen Gurasos-en deialdiak, Zurriolan.
Ehunka lagun bildu zituen Gurasos-en deialdiak, Zurriolan. (Gorka RUBIO I FOKU)

Zaharrak berri Zubietako erraustegiaren auziaren bueltan. Sei urte bete dira hondakinak erretzeko Gipuzkoako makroinstalazioaren aurkako mugimenduak Gurasos elkartearen izena hartu zuela eta borrokan jarraitzen du. Egun, arazo berriekin eta larriekin, ohartarazi dutenez.

Manifestazioa deituta zegoen atzo Donostiako Zurriola hondartza inguruan. Lekua ez zen kasualitatea; izan ere, Añarbeko saneamendu-sarearen bidez isuri toxikoak Arkaitzerrekatik Monpas ingurura desbideratzeko asmoa agertu dute GHKko arduradunek. Hala, Zurriola hondartzako itsasoa kutsatuko litzateke.

Ehunka lagunek babestu zuten Gurasos-en deialdia eta hiritarren artean arraunlari eta surflari mordoa batu ziren. Surf egiteko taula edo arraunean aritzeko arrauna eskuetan, itsasoarekiko lotura estua duten kirolariek kezka agertu zuten.

“Orain Bai, Gelditu! Elkarrizketa eta Konponbidea” lemapean, pankartako mezuari erreferentzia egin zion Joseba Belaustegi bozeramaileak. «Azpiegitura gelditu egin behar da behin-behinekotasunean. Ez gara hitz egiten ari zein den gure nahia, baizik denok ados egon gaitezkeen puntuaz». Alegia, konpondu arte behintzat funtzionamendua etetea.

Bere esanetan, oso esanguratsua da Arantza Tapia sailburuak onartu izana erraustegiak ez duela sistema automatiko bat labeak gelditzeko atmosferara sustantzia kutsatzaileak isurtzen dituenean. «Instalazio kutsagarri honetaz hitz egin behar dugu, eta kontrol demokratiko bat ezarri behar da. Eta kontrol demokratikoa esaten dugunean da ezin dela ezkutatu informazioa».

Belaustegiren ustez, «ostrukaren jarrera» hartu dute arduradunek. «Arazoa oraintxe hasi dira onartzen, partzialki bada ere; ez bere osotasunean, ezta bere gordintasunean, baina hasi dira. Arazoa baldin badago konponketa behar du», eskatu zuen.

Agenda politikoan

Hurrengo urratsa, beraz, eztabaida eta elkarrizketarena da, eta, hauteskundeak hurbiltzen ari diren honetan, erraustegiaren etorkizunak agenda politikoan egon behar duela eskatu zuten, «bai ala bai».

Gurasos-ek uste du ordezkariek eta arduradunek bakarrik euren kabuz ezin dutela egoera konpondu, eta denon parte hartzea ezinbestekoa dela. «Beraiek bakarrik hau ezin dute kudeatu. Abisatu genuen hau gertatuko zela, eta ez ziguten jaramonik egin». Hala, alderdiak, gizarte eragileak, zientzia eta medikuak mahaiaren bueltan biltzea proposatu zuten atzo, eztabaida aberaste aldera.

Balizko adostasunak, ordea, baditu baldintza batzuk. «Irtenbideak, ordea, ingurumena eta osasuna lehenetsi eta bermatu beharko ditu. Bigarren auzia hondakinen kudeaketa bermatuko duen irtenbidea topatzea izango da, baina lehenengoa osasuna eta ingurumena dira. Soluzioak hori beteko ez badu, ez da soluzioa», amaitu zuen.

Punta-puntako berrikuntzak aplikatuak zituen instalazioa zela iragarri arren, eman dituen arazo guztiak zenbatu zituzten; besteak beste, argindar transformadore nagusiak ez duela bere lana betetzen, ez baitu balorizatzen.