Estibaliz EZKERRA
Literatur kritikaria

Rivera

San Frantziskoko Arte Modernoaren museoaren (SFMoMA) atarian jendetza bildu zen. Lau haizeetara iragarri den erakusketa da Diego Riverari eskainitakoa, zeinak hiriak berak 1940an antolaturiko erakusketa baterako eginiko “Pan American Unity” murala jasotzen duen; beraz, ez zen harritzekoa hainbeste lagun erakarri izana, zer eta igande goiz batean.

Baina bazen datu esanguratsu bat bisitariei dagokionez. Asko normalean SFMoMA bezalako museo batean aurkituko ez zenituzkeen pertsonak ziren: mexikar jatorriko klase ertain eta behe-ertaineko familiak, beren artean gazteleraz esaten zutenaren arabera Riveraren obra dezente ezagutzen zutenak jaioterriko eraikin publikoetako muralei esker. Ikusleontzat erakusketak bazuen balio gehigarri bat: beren kultura ospatzen zuen. Immigrazioaren gaineko diskurtso arrazista, klasista eta sexisten aurrean, eta San Frantzisko immigrazioaren kontrolerako AEBetan zabaldu zuten lehen zentroaren kokalekua izan zela kontuan hartuta, ulertzekoa da familia horientzat erakusketak duen esanahia.

Baina posible da bestelako loturak egitea ere. Koadroetako batzuen lagungarri jarritako testuan estatubatuar inperialismoari zuzenduriko kritikak ez ezik Riveraren lanaren kontraesanak ere aintzat hartzen dira, hala nola indigenen exotizazioa, indigenen eta europar jatorrikoen arteko hierarkiak zein modelo gisa erabili zituen langileen izenak ez aipatzeko joera eten