Nagore BELASTEGI
DONOSTIA

Bidaiatzen bizitakoak kontatuz, hizkuntzen inguruko gogoeta

Mexiko, Haiti, Tanger eta Brasilgo txoko desberdinetan gertatutakoen berri ematen du Jon Sarasuak «Harizko zubiak» lanean. Gure egoerarekin alderaketak agertu dira ezinbestean.

Jon Sarasua, idatzi duen liburu berriarekin.
Jon Sarasua, idatzi duen liburu berriarekin. (Gorka RUBIO | FOKU)

Brasilgo Pernambuco, Mexikoko Puebla eta Yucatan, Ipar Afrikako Tanger eta Haitira egindako lan-bidaietako testu laburrek osatzen dute Jon Sarasuaren “Harizko zubiak” (Pamiela). Jose Angel Irigarai editoreak azaldu bezala, duela hamarkada bat hasi zuen trilogia moduko baten azken atala da honakoa, alegia, “Ertzeko zatiak” eta “Bost truke” lanen ondorengoa. Oraingoan ere bidaiatzen zuen bitartean bizitakoa kontatzen du, hangoa hemengoarekin konparatuz, urrutiko errealitatean gurea txertatuz.

Hizkuntzaren inguruko kezka izan du buruan Sarasuak, eta hiztunen eta herrien arteko harremanaren ispilu bihurtu ditu bere testuak. Editoreak, «glocal» hitza aipatu zuen jorratzen diren gaiak deskribatzeko. Hau da, gai lokalak, tokian tokikoak, baina baita ere globalak, nazioartekoak. Horren adibide da munduaren beste puntan hizkuntza gutxituek dituzten arazoak euskarak dituenaren antzekoak direla.

Sarasuak azaldu bezala, mota honetako hirugarren liburua du, baina oso ezberdinak dira euren artean. Honen kasuan «herri esperientzia eta estrategien kontrabando bat» ematen da, elkartruke bat. «Liburua kontrabando honen kontakizuna da, baina gogoetaz zipriztindu dut. Gogoetak hangoaz batez ere, baina baita ere Euskal Herria, euskara eta bertsolaritza tartekatzen dira», esan zuen.

«Mini-testuak dira, testu laburren sorta, eta hizkuntza-lankidetzan egindakoak aipatzen dira gehienetan», adierazi zuen idazleak. Adibidez, Yucatanen maia hitz egiten da eta Pueblan, berriz, nahuatl. «Yucatanen hizkuntza sustatzeko mugimendu soziala sortu nahian daude eta horren berri ematen dut. Pueblan esperientzia kooperatiboa aipatzen dut», argitu zuen. Pernambucon, ordea, kantu inprobisatuak indarra du, eta Euskal Herrian arlo horretan dugun esperientziarekin alderatzen zuen.