GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Erlatibitatearen teoria gailendu da hil ala biziko lehen lehiaren atarian

Txapelketan garaipen gehien lortu dituzten bi bikoteek beste bat beharko dute Nafarroa Arenako finalean izateko. Xabi Tolosak oso lasai dagoela dioen bitartean, presioa nabaritzen ari dela onartu duen Elordik esan du «txarrenerako prestatuta» dagoela.

Urtarrilaren 15ean bi bikote hauek Bilbon jokatu zuten elkarren aurka. Altuna-Tolosa 22-21 nagusitu ziren. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Sekula esan ez, baina Einsteinen ahotan jarri zen «dena da erlatiboa» esamoldea bikain datorkio igandean Altuna-Tolosak eta Elordi-Zabaletak jokatuko duten partida erabakigarriari. Beti esan izan da Binakakoa erregulartasunaren txapelketa dela, baina hori ere ez da guztiz horrela, orain arte partidarik gehien irabazitako bikoteetarik bat ez delako finalera helduko. «Nahiz eta finalean Laso eta Imaz izan, txapelketa honetan, aldearekin ginera, onenak Aitor eta Jose izan dira», laburbildu zuen Jokin Altunak faboritoen zama aurkarien bizkar utzi nahian.

Jokatutako 16 partidetatik 13 irabazi dituzte Elordi-Zabaletak, baina hamalaugarren bat irabazi beharko dute finalean egoteko, Laso-Imazek 10 garaipenekin nahikoa izan duten bitartean. Baina txapelketa horrela antolatuta dago eta igandean Bizkaian euren onena eman beharko dute biek ala biek Nafarroa Arenan egon ahal izateko.

Bilbon jokatzearena ere, begiratzen den betaurrekoen kristalaren araberakoa omen da amezketarrarentzat. «Alde batetik, aurrean mina egiteko nahiago zenuke frontoi azkarrago bat, baina, beste alde batetik, Zabaletak berak ere agian beste frontoi batean are eta gehiago hausten zaitu».

Kontua da urtarrilaren 15ean bertan galdu zutela aurkari berdinen aurka euren lehen partida mallabitarrak eta Etxarrenekoak, tanto bakar baten aldeaz, euren lehen partida. Igandera begira, antzeko partida bat espero du atzelari nafarrak, argi duen gauzetako bat baita, «inork ez duela erraz irabaziko». Teoriak Jokin Altuna gainetik pasatu eta jokoa atzean kargatzeak mesede egingo liekeela dioen arren, Zabaletak uste du ez dutela horrekin itsutu behar. «Ez dut uste, ez guk, ez eurek, jokatzeko modu zehatz batekin erotu behar dugunik».

TXARRENERAKO PREST

Handiagoa edo txikiagoa, bi bikoteek orain arte huts egiteko koltxoi bat izan dute 16 astez, baina hori amaitu da. Tentsioa kudeatzen jakiteak ere zeresan handia izango du igandean. Presioa nabaritzen ote duen galdetuta, Aitor Elordik garbi hitz egin zuen. «Ezetzik ez dizut esango, ze bestela gezurra esaten ariko nintzen. Txapelketarik gorenean lehen aldiz parte hartzen dugunean, azken fasera helduta, bai, nabaritzen da. Txarrenerako mentalizatzen bazara, hortik aurrerako denak onarri dira eta horretarako mentalizatuta gaude. Igandean disfrutatzera etorriko gara. Irabaztea lortuko bagenu, gauza ederra litzateke niretzat, sari handi bat, baina, galduta ere, orain arteko denarekin geratuko nintzateke, ez baitut uste triste egoteko motiborik dudanik», azaldu zuen.

Esperientzia aldetik, Xabi Tolosa da halako partidetan gutxien aritutakoa, baina sekulako patxada trasmititzen du. Anoetarrak, momentuz behintzat, ez du aparteko urduritasunik sumatu. «Ez, egia esan, txapelketa osoa lasai jokatzen ari naiz. Gure lana oso ondo egiten ari garela iruditzen zait. Jokinekin aritzeak lasaitasuna eta konfiantza ematen dizkit, eta gogotsu nago iganderako. Finaletik partida bakarrera gaude, baina presioa sartzea kalterako baino ez da».

Nolanahi dela, ba al dago horretarako botikarik? «Presioa kudeatzen dudala uste izan dudan bakoitzean, beti agertu da», amaitu zuen Altunak.