GARA
ARRASATE

Lezetxikira bisita gidatua, AHTren kalteak agerian gelditu ondoren

Arrasateko Lezetxiki haitzuloko aztarnategi arkeologikora bisita antolatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak larunbat honetan. Polemika ez da falta, otsailaren hasieran agerian gelditu baitziren AHT eraikitzeko obren ondorioz kobazuloan izan diren kalteak.

Lezetxiki Euskal Herriko aztarnategi garrantzitsuenetariko bat da, han aurkitu zuelako Joxe Miel Barandiaranek euskal gizakirik zaharrena, 1953an.

Arrasate inguruko espeleologia zaleek salatu zuten AHTren obren ondorioz lur-jausia gertatu zela leizearen barruan, eta bideetako bat itxita gelditu dela, bai eta metalezko sare handi bat jarri dutela ere. Kalteak berehala deitoratu eta ardurak ere eskatu zituzten. Ukaezinak dira erasan horiek, irudi eta bideoen bitartez erakutsi zituztenez.

Erakundeen aldetik, ordea, salaketa horri erantzun zioten adieraziz aztarnategian ez dela inongo kalterik gertatu, kobazuloko beste alderdi batzuetan baizik. Eta hori berrestera omen dator bisita gidatu hau. Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatu du, «aztarnategiaren kontserbazio egoera in situ» erakusteko asmoz. Eta galdera eta zalantzei erantzuteko prest egongo direla ziurtatu du erakundeak.