Jon ORMAZABAL
Aspeko teknikaria

«Elordi eta Tolosa apustua izan ziren enpresaren aldetik eta, begira, bat finalean izango da»

Goizuetarra gustura ageri da, orokorrean, Aspeko pilotariek Binakakoan zehar erakutsi duten mailarekin, finalean enpresa bereko bi bikote aritzea ezohiko zerbait dela uste du eta ez du Bilboko partida erabakigarrirako faborito argirik ikusten.

(Oskar MATXIN_EDESA | FOKU)

Lau hilabete eta 64 partidako txapelketa luzearen ostean, gaur erabakiko da Bilboko Bizkaia pilotalekuan Binakako txapelketako finalean nortzuk arituko diren dagoeneko sailkatuta dauden Laso-Imazen aurka Iruñeko Nafarroa Arenan. Aspeko bi bikote, lehen fasean onenak izan ziren Aitor Elordi-Jose Javier Zabaleta eta Jokin Altuna-Xabi Tolosa ariko dira elkarren aurka, eta gu bi bikoteak horren ondo ezagutzen dituen goizuetarrarekin solasean aritu gara partida erabakigarri honen inguruan.

Nola ikusten duzu gaurko Bilboko partida. Zuen bi bikote ariko dira finalerako azken txartelaren bila?

Bi bikoteentzat oso zaila. Batzuk galtzetik datoz eta besteak irabazita, baina Elordi eta Zabaletak egin duten txapelketa ikusita, bere aukerak izango dituzte, eta Jokinek [Altuna] eta Xabik [Tolosa] ere bai. Giltza ez dakit non egongo den, badakit topikoa dela %50ean dagoela esatea, baina Altuna eta Zabaleta hor egonda, nik uste oso-oso irekia dagoela.

Zer izango da orduan, ea aipatu dituzun bietako nork eramaten duen bere eremura partida? Jokinek aurrera eta Zabaletak atzera?

Bai, nik uste hor egon daitekeela gakoa. Jokinek nahiko du jokoa aurrera eraman eta Zabaletak atzera, baina ikusiko dugu, betiko finalerdi indartsu horietako bat da eta partida detaileetan joango da.

Detaile horietako bat pilotalekua izan daiteke. Bilbon jokatzeak bakarren bati mesederik egiten dio?

Nik uste dut ezetz, frontoi ederra da. Hemen Jokinek eta Xabik irabazi zuten aurrekoan, baina hori anekdota bat izan daiteke, ze 22-21 amaitu zen. Eta egun guztiak desberdinak dira, materiala ere desberdina izaten da eta orduan ez dut uste inori komeni zaionik edo kalterik egiten dionik Bilbon jokatzeak. Presioa kudeatzen jakiteak ere sekulako garrantzia izango du.

Horretan badirudi Aitor Elordiri Labriteko azken partidan erantzukizunak eragin ziola....

Bai, nik uste dut pixka bat urduri jarri zela hasiera horretan bi pilota galdu zituelako. Haiek onak irten balira, nik uste hobeto eramango zukeela, baina bueno, nik uste beste Aitor bat ikusiko dugula Bilboko partidan.

Horretan Xabi Tolosak plazagizona dela erakutsi du, orain arte behintzat.

Bai, Xabi ongi dabil horretan, presioa oso ondo eramaten du, oso mutil lasaia da. Azkeneko partidan asko zuten jokoan eta ikusi zen bere lekuan izan zela.

Alde horretatik, Elordi eta Tolosa izan dira Asperen bi ustekabeak aurtengo Binakakoan?

Bai, oso-oso pozik gaude, apustu bat izan zen enpresaren aldetik eta, begira, biak finalerdietan eta bat finalean egongo da. Gure aldetik oso pozik gaude.

Eta, orokorrean, txapelketarekin? Lehen fasean ematen zuen bi bikote izan zenitzaketela finalean, oso nagusi izan ziren ligaxkan. Aurreko larunbatean, aldiz, Elordi-Zabaletak galduta, biak Baikokoak izan zitezkeela ere ematen zuen, azkenaldi luzeko zuen bolada eten zitekeela...

Nik uste gure bi bikote finalean beti sartzearen hori gehiegi dela, besteek ere jokatzen dute; Laso, Mariezkurrena, Peña eta Imaz hor izanda, edozein sartu ahal zen. Horretan dudarik ez egin. Gu pozik gaude, bat behintzat finalean daukagu, bolada honi eutsi nahi diogu eta ez da erraza izango.

Peio Etxeberriak eta Rezustak Zornotzan izan zuten Laso eta Imaz kanpoan edo kinka larrian uzteko aukera eta orain damutuko ez ote zaizuen...

Bai, baina hori da txapelketa, tanto bakarraren aldeaz nola aldatzen den dena; aurrekoan Gasteizen ere tanto batez... Baina beti esaten dudana, Lasok-eta asko jokatzen dute pilotan eta, zer esango dizut, gure aldetik pena da Ezkurdia eta Martijak ez dutela euren maila eman, baina bestela beste pilotari guztien lanarekin oso pozik gaude.

Ezkurdia-Martija txapeldun izandako bikotea zen, baina kosta zitzaien lehiakor izatea. Zer pasatu zitzaien?

Ez dutela eurena eman, momentu txarrean harrapatu zituen txapelketak. Badakigu entrenatzen-eta dena ematen dutela, baina halakoak gertatzen dira eta egingo dute gora, ziur.