GARA
BILBO

Bizkaiko ostalaritzan beste hiru greba egun egingo dituzte urriaren 4, 11 eta 12an

ELA, LAB, CCOO eta UGTk beste hiru greba egunera deitu dute Bizkaiko ostalaritzan. «Patronala ez da mugitzen eta langileak irteerarik gabeko kalezulo batera eramaten ari da. Mobilizatzea da aukera bakarra». Hala, urriaren 4an, 11n eta 12an lanuzteak egingo dituzte.

Bizkaiko ostalaritzako ituna negoziatzeko eskatu zuten iragan martxoan, Bilbon.
Bizkaiko ostalaritzako ituna negoziatzeko eskatu zuten iragan martxoan, Bilbon. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

ELA, LAB, CCOO eta UGTk grebak antolatu dituzte Bizkaiko ostalaritzan urriaren 4, 11 eta 12rako. Izan ere, atzo ohar batean azaldu zutenez, «ekaineko greba egun arrakastatsuen ondoren, Bizkaiko Ostalaritza Elkarteak immobilismoan ainguratuta eta sektoreko langileen aldarrikapenei entzungor eginez jarraitzen du».

Horri aurre egiteko kalera aterako dira. Hasteko, gaur zortzi, 11.00etatik 12.00etara elkarretaratzea egingo dute Bizkaiko Ostalaritza Elkartearen aurrean. «Negoziazio mahaia blokeatuta» dagoela salatuko dute. «Otsailetik ez da bilera gehiagorik izan. Uste dugu Bizkaiko Ostalaritza Elkarteak jarrera erabat arduragabea duela eta sektoreko langileak irteerarik gabeko kalezulo batera eramaten ari dela. Kale horretan mobilizatzea da aukera bakarra».

«SEKTORE PREKARIZATUA»

Oroitu zutenez, Bizkaiko Ostalaritzako langileek 2020tik ez dute soldata igoerarik izan. Harrezkero, KPIa %12,9 igo da. Gainera, pandemia lehertu zenetik aldi baterako erregulazioak (ERTE) haien eguneroko bihurtu dira. Hilabete askotan lan egin dute egutegirik gabe.

Sindikatuen esanetan, «hitzarmenak kolektibitateen sektoreari ere eragiten dio. Sektore prekarizatu horretan «langile gehienak emakumeak dira eta kontratu prekarioak eta lanaldi partzialak dituzte, baita lan karga handiak ere».

Salatu zutenez, patronalak «uko egiten dio hitzarmena negoziatzeari», nahiz eta sindikatuek baldintzak hobetzeko eskatzen duten, gaur egun beharrak eta kezkak jasotzen ez dituen hitzarmen baten borrokarekin bat eginez.