«Proiektu industrial baten irtenbidea» galdegin zuten Sunsundeguirentzat
Sunsundeguiren itxieraren aurrean irtenbide bat bilatzeko aldarriak zeharkatu zuen atzo Altsasu. ELA, LAB eta UGTk osatzen duten komiteak deitu zuen, eta plan industrial baten beharra nabarmendu zuten mobilizaziora hurbildu ziren herritar eta langile andanak. Enpresarentzat erabakigarria den une honetan «Sakanan lan egin eta bizi nahi dugu», aldarrikatu zuten.

Egun seinalatua zuten atzokoa Sunsundegiko langileek, irailean abiatutako ERTEa, aldi baterako erregulazioa, amaitzen baitzitzaien. Eta nahiz eta hiru hilabetez luzatu dela jakinarazi zieten, enpresaren etorkizuna oraindik zalantzan dago. “Etorkizuna nahi dugu, futuro para Sunsundegui” lelopean mobilizazioa egin zuten atzo bertan Altsasun, ELAk, LABek eta UGTk osatzen duten enpresa komiteak deituta.
Hotza ez zen oztopo izan sakanarrentzat, eta Altsasuko kaleak bete zituzten. Amaierako irakurketan esan bezala, «galtzen den borroka bakarra bertan behera uzten dena da, eta guk ez dugu gure borroka utziko».
Ibilbide osoan zehar Sunsundegui ez ixteko eta irtenbide bat bilatzeko egin zuten aldarri. Bertan izan ziren Zumaiako Astilleros Balenciagako langileak eta BSHko langileak ere, elkartasuna adieraziz. “BSH no se cierra / ez itxi, por la industria Navarra” pankarta zeramaten azken hauek, eta Zumaiako langileek ere kartel propioak zituzten: “Astilleros Balenciagak Sunsundeguiri elkartasuna eta indarra”.
Ioirtia plazan amaitu zen mobilizazioa eta Sunsundeguiko bi langilek hartu zuten hitza, eskerrak eman zizkien bertaratutako eta borroka honetan lagun izan dituzten guztiei, eta aldarri argi bat egin zuten: «Sakanan lan egin eta bizi nahi dugu».
«Sunsundeguik irtenbide bat behar du, plan industrial bat eta kalitatezko enplegua; apustu argia behar du, baita enpresak dituen arazoak konponduko dituen industria plan bat ere», azaldu zuten. Azken hilabeteetan hainbatek interesa erakutsi dutela esan zuten, baina «etorkizuna bermatuko duen» proposamen bat falta dela. Gehitu zuten une «erabakigarria» dela bizi dutena, enpresa lehian baitago, eta aurreikuspenen arabera, hilabete barru jakingo dutela zer gertatuko den enpresarekin.
AKORDIOAK IRTENBIDERAKO
Langileek aitortu zuten badakitela «zaila» izango dela alde ezberdinen akordioa erdiestea, baina eragile horiei horretarako deia egin zieten: «Nafarroako Gobernua, Volvo eta hartzekodunen administrazioa dira film honetako aktore nagusiak». Krisiak kudeatzeko modu ezberdinak daudela uste dute, eta Sunsundeguiren kasuan «aukera baten aurrean» egon daitezkeela esan zuten, aukera ez galtzeko dei eginez: «Bidaiarien garraioaren sektorea aldatzen ari da eta automobilgintzarena berrasmatzen ari da, aldaketa klimatikoa bezalako arazoen aurrean. Sunsundegui estrategikoa izan daiteke eskualdearentzat eta Nafarroarentzat datozen urteetan».
Nafarroako Gobernuari ere zuzendu zitzaizkion langileak azken irakurketan: «Nafarroako Gobernuari eskatzen diogu, Sunsundeguiko proiektu industrial bat laguntzeaz gain, jardueraren garapenerako eta kontrolerako tresnak jar ditzala». Gerturatutakoei eta elkartasuna adierazi dieten guztiei eskerrak eman eta borrokan jarraitzeko dei egin zuten amaiera aldera.
Arduratuta baina baikor jarraitzen du Sakanak: «Sunsundegui ixtea ez dugu hipotesi bezala ere onartuko».

Suerte desigual para los cineastas vascos en unos Goya desconcertantes

«Itzaletik argira pasatu behar dugu torturatuok, aitortzarako garaia da»

Acuerdo con China pero sin EEUU para una IA abierta, ética e inclusiva
Trump y Jordania, entre la dependencia económica y la implosión interna
