GARA
SORTUREN IV. KONGRESUA

Xabi Iraola proposatu dute Sorturen koordinatzaile orokor izateko

Orain arte Sorturen Herrigintzako idazkaria izan den Xabi Iraola Larraia 32 urteko igeldoarrak hartuko du Arkaitz Rodriguezek orain arte bete duen ardura Sorturen koordinatzaile orokor gisa, hilaren 21etik 23ra egingo den bozketan berresten baldin badute, IV. Kongresuaren barnean. Ziklo politiko berrian hazi eta hezitako militantea da. Pello Otxandianorekin batera ibili da lanean.

Xabi Iraola Larraia.
Xabi Iraola Larraia. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Ziklo politiko berriari hasiera-hasieratik lotutako militante batek hartuko du Sorturen kargu nagusia urtarrilean amaituko den IV. Kongresuan, Sortukideek bozketan berresten badute: Xabi Iraola Larraia (1993) igeldoarrak. Bera proposatu du Nazio Kontseiluak alderdiaren koordinatzaile nagusia izateko, GARAk jakin ahal izan duenez. Arkaitz Rodriguezen lekua hartuko du, beraz; izan ere, duela urtebetetik jakina da Rodriguezek kargu hori utziko duela, EH Bildun dituen ardura berrietan buru-belarri aritzeko.

Orain arte jada funtzio garrantzitsua bete du Iraolak Sorturen lan jardunean, Herrigintzako idazkaria izan baita. Aurrekoekin alderatuta, nabarmentzekoa da 2011n abiatu zen ziklo politiko berrian guztiz hazi eta hezitako militantea dela. Anekdota edo datu adierazgarri gisa, urte hartan iritsi zen helduarora: lehenbiziko aldiz botoa emateko tenorean izan zenean, ETAk jarduera armatua behin betiko amaitzeko erabakia iragarri berria zuen eta Amaiurren alde egin zuen urte hartako azaroko hauteskundeetan. Geroko bilakaera politiko guztiak ezaugarritu du bere ibilbide politikoa ere.

Igeldon eta gazte antolakundean abiatu zuen, oso gaztetatik, bere militantzia. Nazio Kontseiluak nabarmendu duenez, «ezker abertzaleak berezko duen herrigintza izan du militantzia eskola, baita belaunaldiartekotasuna ere. Ernairen kasuan, gazte antolakundearen sorrera prozesuaren parte izan zen, eta zuzendaritzako kide. Haren ekarpena ezinbestekoa izan zen Ernairen lehen urratsetan».

Sorturen Herrigintzako idazkaria da egun Xabi Iraola, 2021etik, eta aurretik Gipuzkoako idazkaritzako kidea, herrigintzako ardurarekin han ere. Duela lau urte, Pello Otxandianoren lekukoa hartu eta egun duen ardurari heldu zion, «harekin eta beste hainbat kiderekin urteetako bide emankorra egin ondoren. Izan ere, Sortuk, Euskal Herriak jorratu beharreko eztabaidak aurreratzeko xedez, hainbat hausnarketa estrategiko eguneratu ditu azken urteotan, hala nola euskarari eta hezkuntzari loturikoak. Horietan buru-belarri aritu da Iraola». Bidaide gogoetaren gidarietako bat izan da, besteak beste. Bertan, jatorri eta kultura aniztasunak euskal egitasmo nazionalaren eraikuntzan izan beharreko tokiaz egindako hausnarketa bildu da.

«Nazioa, kultura eta hizkuntza ditu bizigai, herrigintza eta belaunaldiarteko jarduna dira haren ibilbidearen oinarriak, eta arnasa luzeko gogoetan oinarritutako politikak ardazten du bere begirada», nabarmendu du Sorturen zuzendaritzak bere proposamenean. Profil hori guztiz egokitzen zaio Sortuk bere buruari eman dion funtzio berrituari, hots, «askapen prozesuaren zuhaitzari sustraiak emateari», koadro politikoak, hausnarketak eta proposamenak sorraraziz. Aurreko astean aditzera eman zen “Herri gogoa” izeneko ponentzia gehiengo zabalaz osatua eta onartua izan dela.

Prestakuntza aldetik, Lehen Hezkuntzako irakasle ikasketak egin zituen Iraolak, baita “Subiranotasuna Europako herrietan” graduondokoa ere.

IV. KONGRESUA BIRIBILTZEAR

Xabi Iraolaren proposamena nabarmenduko da, beraz, gaur jakinaraziko den zuzendaritza berriaren talde osoaren proposamenean. Hamabost lagunen izen-abizenak argitara emango ditu orduan Nazio Kontseiluak, hilaren 21etik 23ra egingo den bozketari begira. Kongresua hurrengo egunean amaituko da Irungo Ficoban.

Gogoratzekoa da IV. Kongresua urtebetez aurreratzea erabaki zutela Sortuko kideek 2025eko ekainaren 28an, Abadiñon egindako VIII. Nazio Konferentzian. Askapen prozesuaren egungo fase politikorako egonkortasuna bilatzeko helburuz ebatzi zuten aurreratzea: «Hego Euskal Herrian 2027. urteko udaberrian udal eta foru hauteskundeak izango direla aintzat hartuta, 2027ko urtarrilean egitekoak ginen Sorturen IV. Kongresua aurreratzea erabakitzeko aski arrazoi badela ondorioztatzen dugu».

Ondoren, irailaren 11n Donostian egindako Nazio Batzarrean onartu zituzten Sortuko kideek kongresurako araudia, kronograma eta Berme Batzordea. Urriaren 22an aurkeztu zuen Nazio Kontseiluak “Herri gogoa”, eztabaidarako oinarria izan den ponentzia. Ostean, 150 herri batzar baino gehiago eta ia 2.000 lagun bildu ditu kongresu prozesuak bi hilabetean. Abendu amaieran bukatu zuten lehen fasea, hilaren azken asteburuan egindako bozketekin.