Maider IANTZI GOIENETXE

Emakumeak Zientzian, 34 erakunde eta 70 jarduerako marea bizia

Duela hamar urtetik gaur arte zientzia inklusiboago eta berdinzaleago baten aldeko bidea egiten ari da Emakumeak Zientzian ekimena. Emakume zientzialariak ikusarazi, estereotipoak suntsitu eta bokazio zientifikoak sustatzeko xedez, 34 erakunde zientifiko-teknologikok egin dute bat aurten. Gaur, Emakume Zientzialarien Egunean, amaituko da egitaraua.

Zalla BHI ikastetxeko ikasleak Biofisika zentroan izan dira. Fruituen DNA erauzteko esperimentu bat egin dute.
Zalla BHI ikastetxeko ikasleak Biofisika zentroan izan dira. Fruituen DNA erauzteko esperimentu bat egin dute. (EMAKUMEAK ZIENTZIAN)

Urtez urte indartzen ari da Emakumeak Zientzian egitasmoa, eta 34 erakunde bildu ditu aurten “Marea bizia gara” lelopean. Zientzia irekiago, bidezkoago eta humanoago bat aldarrikatzen duen jarduera programa zabal bat eraman dute aurrera aste honetan. Gaur, otsailak 11, ospatzen den Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunaren bueltan 70 jarduera baino gehiago egin dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoa osoan, ekintza txikiek, elkarrekin, mugimendu handia sortzen dutela erakutsi nahian.

Adibidez, Mondragon Unibertsitateko Galarretako laborategiak bisitatu dituzte Hernaniko Aratz ikastolako DBHko 3. eta 4. mailetako ikasleek. Energia ezberdinen oinarriak, kudeaketaren gakoak eta horiek sortzeko erabilitako teknologia azaldu diete bertan lan egiten duten emakumeek, beren esperientziekin batera. Zalla BHI ikastetxeko ikasleak, berriz, Biofisika zentroan izan dira. Fruituen DNA erauzteko esperimentu bat egin dute: fruta zatitxo bat zapaldu eta gatz eta xaboi disoluzioekin nahastu dute, zelulak apurtu eta DNA askatzeko. Zur eta lur gelditu dira DNA ikusgai bihurtu denean: hodiaren barrenean flotatzen duen hari zuri moduan agertzen hasi da.

Nahi izan duten herritarrek Donostia beste ikuspegi batetik ezagutzeko ibilaldi lasaia egin dute, EHUko Kimika Fakultateko Berdintasun Batzordeko irakasle eta ikertzaileek gidatuta. Arrokak eta eraikinetako apaindurazko harriak aztertu dituzte: arrezife zaharretatik sortutakoak, magma hoztearen ondorioz eratutakoak, baita denborarekin kondizio berrietara egokitu direnak ere.

Materialen Fisika Zentroan, berriz, mahai inguru bat egin dute, zientziaren eta berdintasunaren aldeko borrokako hiru erreferenterekin. Petra Rudolfek, Sara Claverok eta Silvia Rueda Pascualek esperientzia pertsonalak, frustrazio partekatuak eta zientzia bidezkoago baterantz aurrera egiteko proposamen zehatzak azaldu dituzte. 70 pertsona inguru bildu dira eta gogoz parte hartu dute.

Gaur Donostiako Aquariumean egingo den jai-ekitaldi batekin amaituko da egitaraua. Topaketa horretan, gogoeta prozesu baten ondotik idatzitako manifestu edo ekintza plan bat partekatuko dute. Hark markatuko ditu Emakumeak Zientzian proiektuaren etorkizuneko ildoak.