Floren Aoiz
www.elomendia.com
JO PUNTUA

Sandaliak eta tartak erregimenaren kontra

Asko dira orduko promesak bete ez dituztenak. Eta begi bistan dago armarik gabeko protesta egiten duen edonork Auzitegi Nazional espainolean izan dezakeela estatuaren borondatea neurtzeko parada

Biotic Baking Brigade (BBB), International Patisserie Brigade..., aspaldikoak dira tartak protesta politiko gisa jaurti dituztenak. Asko dira talde hauen ekintzak pairatu dituzten politikari, agintari eta aberatsak. Sandalia edota bestelako oinetakoak botatzea, halaber, jarduera klasikoa da, protestaldi sortan. Denetariko ondorioak izan dituzte ekintzok, baina, oro har, ez dira «terrorismo» gisa hartu.

Espainiar estatuan, berriz, oso bestelakoa izan da erantzuna. David Fernandezek ez zuen sandaliarik jaurti, erakutsi baizik, baina izugarrizko kritika gogorrak jaso ditu. Barcina zikindu zutenekin eginen dugu topo heldu den astelehenean, espainiar Auzitegi Nazionalean. Urte askotako kartzelaldia da haiendako eskatzen dutena, tartak lehergailu arriskutsutzat joaz edo.

Frantziar estatuan gertatu zen tartalarien ekintza. Han ez zuen ondorio penalik izan, baina, kasu, ipuinetako pertsonaiek zaintza aingeru edota «hadak» badituzte, Barcinak espainiar epai- leak ditu, eta hauek eskaintzen dioten babesa ez da fikziozkoa.

Ustelkeria garbitzeko gaitasuna dute Barcinaren iratxo hauek, eta gogor jotzen dute Super-Yolanda ukitzen ausartzen direnen kontra. Barcina ukiezina da, maila guzietan, gainera.

Galgarik gabe gainbehera doan erregimen honetan jauntxo-anderetxo batzuk beren laguntzaile armada osatzen ari dira, zigorgabe geldituko direla bermatzeko. Defentsarik onena erasoa delakoan, kritikatzen dituztenen kontra oldartzen dira; oso garrantzitsua da protesta egileak zigortzea, eskarmentu gisa, gehiagorik etor ez dadin. Gangster ekonomikoen ohoreak kaltetutako pertsonen bizitza baino babes handiagoa behar du. Eta antzekoa parla- mentario ezkertiar baten adierazpen askatasunaz. Lehentasunak badaude, eta argi dago nork merezi duen, erregimenaren ikuspegitik, begirune osoa.

Komeni da garai batean esaten zirenak oroitzea. Borroka armatuaren une gogorrenetan, ekintza zorrotzenak gertatzen direnean, ohikoa zen borroka arma- turik gabeko egoeraz edota bestelako borroka/protesta formez hitz egitea. Batzuek errepikatzen zuten dena izanen zela posible jarduera armatua geldituz gero. Beste batzuek ziurtatzen zuten estatua errepresiorako aitzakiarik gabe geldituko zela desobedientzia zibilaren aurrean. Argigarria izan da azken urteetan ikusitakoa, pronostiko horiek ez baitira inondik inora gauzatu.

Asko dira orduko promesak bete ez dituztenak. Eta begi bistan dago armarik gabeko protesta egiten duen edonork Auzitegi Nazionalean izan dezakeela estatuaren borondatea neurtzeko parada. Hau ez da berria, ni neu nago egoera horretan duela hogei urteko jarduera politikoengatik, baina, gaur, errepresio molde hauek esanahi berezia daukate, salbuespen eredua luzatzeko erabakia adierazten baitute.

Honek agerian uzten du terrorismoaren kontrako borroka aitzakia izugarria zela kritika eta aldaketa saio guziak kriminalizatzeko. Horregatik, ETAk egin zuen urratsa eginik ere, indarrean segitzen du tresneria errepresiboak. Horregatik, sandaliek eta tartek lehergailu edo balen antzerako erantzuna merezi dute espainiar agintarien ustetan.