Amagoia MUJIKA
Txapelketa Nagusia

Aitor Sarriegik pauso sendo bat aurrera, eta, Jon Maia, zintzilik

Langilea, hutsik egin ez zalea, pauso segurukoa. Aitor Sarriegik bere-bereak dituen dohainak baliatuz eta ariketaz ariketa osatu zuen atzo arratsaldekoa Oiartzunen. Eta pauso handi bat eman du dagoeneko ezagun duen BECerako bidean. Ezustekoa, Jon Maiaren puntuazioak eman zuen.

Zenbat gozatzen dugun akrobaziekin, espero ez ditugun ateraldiekin, intentzioz emandako puntadekin. Baina txapelketak badu beste alde bat. Bertatik soka gainean doan bertsolariaren dardara igarri egiten da. Atzo arratsaldean Oiartzunen jokatu zen hirugarren finalaurrekoan giroa berezitik joan zen. Freskotasunetik eta lotutik, bietatik izan zuen. Berotik eta hotzetik.

Unai Elizasu gai jartzaileak hasierako oharretan abisu eman zuen norbaitek errez gero, alarma piztuko zela. Grazia egin zigun, eta, bertsozalez lepo zegoen Elorsoron -1.500 lagun bildu ziren-, giroa gehiegi berotuz gero alarmarik piztuko ote zen okurritu zitzaigun. Oholtza gaineko seikotea eta bertsozalearen gogoa ikusita, ez zen harritzekoa izango. Baina alarmarik ez zen piztu, saioa ez zelako hainbesterako berotu.

Bukaera aldera Odei Barroso bere kartzelakoarekin ari zela kiroldegiaren sabaian zintzilik dauden plastiko horietako batetik ura erori zen purrustaka. Iskanbila piztu bazen ere, Odeik bere lanarekin segitu zuen. Dantza saioaren erdian txapela erortzen zaion dantzariaren antzera; profesional, zuzen, serio.

Jon Maiak azken agurrean -puntuazioa jakin baino lehen- kantatu zuenez, «nahiz ura erori tetxutik barrura/ pentsa dezagun dela zulo bat zerura». Maiaren puntuazioa jakin ostean asko geratu ginen ur-zorrotada hotz-hotza burutik behera bota izan baligute bezala. Saioaren amaieran sortzen diren korroetan esaten zenez, beti egoten dira ezustekoak txapelketan, onak eta txarrak. Ze atseginak izaten diren batzuk, eta ze mikatzak besteak. Gaurko saioaren emaitzaren zain, Jon Maia sailkapenean zintzilik dago, bidean geratzeko aukera askorekin.

Eta atzokoaren kontaketan alderdirik gozoenean dago, berriz, Aitor Sarriegi, saioko txapelduna. Beasaindarrak ariketa guztietan eutsi zion mailari eta puntuak batuz joan zen langile, fin, serio. Zortziko nagusian Alaia Martinekin aritu zen. Telebista saio baten arduradunen paperean aritu ziren, audientzia datu eskasei begira. Oso ondo hasi zen Sarriegi arratsaldeko bere lehen ariketan. «Saio eder bat egin genezan esan ziguten aurrena/ ta hor gabiltza gure ehun da bat gazteluetan barrena/ baina audientzian eduki dugu inoizko datu txarrena/ Julian Iantzik kaltzontzillotan aurkez dezala hurrena».

Zortziko txikian Beñat Lizasorekin egokitu zen. Lizasok gaiari aldrebes eutsi zion eta nahiko lan izan zuen Sarriegik bere arrazoiketa lantzeko. Baina hor ere txukun salbatu zuen koska. Puntutan txukun, eta, seiko motzean ere, dotoretik Agin Labururekin batera.

Kartzelakoan doinu berri bat erabili zuen, tarteka erritmo oso bizia hartuz. Egia esan, azkar aritu zen orokorrean, azkarregi ere bai batzuetan. Kartzelako gaia nahiko lotua zen eta pentsatzekoa da lana eman ziela bertsolariei heldulekuak topatzeko orduan. Hauxe, gaia: «Oheko maindireak edo mihiseak egunero aldatu behar izaten dituzu». Sarriegik eta Laburuk zahartzaroaren ajeetan kokatu zuten; Maiak, Martinek eta Barrosok, haurtzaroarenetan. Eta Lizasok, minbiziaren inguruan.

Berriro hazten ikustea

Alaia Martinek etxean jokatzen zuen atzo, bere herrian, hazten ikusi duen Oiartzunen. Lehen agurrean aitortu zuen bere desioa: Oiartzunek berriro hazten ikus zezala atzo arratsaldeko saioan. Tira, txikitu behintzat ez zen egin. 667 puntu batu zituen, bigarren tokia lortu zuen eta kartzelako lanik puntuatuena berea izan zen.

Kartzelako lehen bertsoan bidea ireki zuen berez estu zetorren gaian. Horretan asmatu egin zuen Alaia Martinek. «Tristeziak hartu ohi nau orain barren barrenetik/ nire semetxo maiteak begiratuta hemendik/ negar baten egoten da negarra dator minetik/ ta egoera erreala onartzearen ezinetik/ ezin diot ezer esan beraren aldamenetik/ pixa eiten du ohean eta pena ematen dit/ amets gaiztoak baitauzka aita hil zitzaionetik». Gainontzean, beti bezala tenple handiarekin jardun zuen. Eroso sumatzen da oholtzan, nahiz eta atzo azken errepikan batzuetan nahastu egin zen. Kontrakoa iruditu arren, bere ere urduri jartzen den seinale. Patxada agertzearen meritua norainokoa den bistaratzen da halakoetan.

Jon Maiaren ezustea

Jon Maia izan zen laugarrena, ezustean askorentzat. Saioa lotu samar hasi bazuen ere, ariketaz ariketa saioan sartzea lortu zuen. Puntu erantzunean bidesarien inguruko gaia egokitu zitzaion, korapilatsua, eta hor oso puntu gutxi bildu zituen. Gainontzean, ez zuen estropezu handirik egin. Seiko motzean Alaia Martinekin aritu zen bi lagunen paperean. Alaia arazoak zituenean bakarrik akordatzen zen Jonekin. «Telefono dei epela/ beti berdin datorrela/ arazo bat dut Joni deitzea duzu erregela/ baina destinu krudela/ pentsatzen baitut honela/ inoiz ligatzen ez duen lagun jatorra naizela». Eta kartzelakoan ere ondo aritu zen. Hauxe, lehena, «Zer ote da ba beldurra edo zer ote da ba ikara/ zer ote da ba gorputz horretan nonbait dabilen zirrara/ gure alabak txisa egin du gaixotasun bat al da ba/ adin hortako konplejuetan beti izaten da traba/ behin eta berriz irtetzen zaizu beti gabarikan gaba/ goizean jaiki eta bustita izaten dezu izara/ baina horregatik zu ez kezkatu ta lasai egon alaba/ zure gelako beste haur denak bezelakoxea zara».

Azken biak, Odei Barroso eta Beñat Lizaso, seiko motzean parean egokitu ziren. Barroso primeran aritu zen ariketa horretan. Duela hogei urte rock talde bat izan zutela eta Barrosok berriz igo nahi zuen oholtzara. «Nik ere ditut gurari/ dexente eta ugari/ lotu gaitezen berriro lehengo gitarren gudari/ ez al ginen ongi ari/ hasi gaitezen kantari/ doinu zaharrak jartzeko gure garai berriari», bota zuen lehena.

Beñat Lizasok beretik eman zuen, erorialdirik gabe, duin. Kartzelakoan oso ertz gordinetik abestu zuen. «Senarrak minbizia du iltzatuta barrenean/ egunero aldatzea hobea da azkenean/ odolez bustitzen ditu eztulka hasten denean».