ANARTZ BILBAO

160 metrok banatzen ditu itsasadarreko bi ertzak, rock musikak batu

Zinebi jaialdiaren barruan eta «160 metros. Una historia de rock en Bizkaia» dokumentalaren estreinaldiaren karietara, Bilboko itsasadarraren ertzetan 80ko eta 90eko hamarkadetan nagusi izan ziren soinuak entzun genituen herenegun, BBK aretoan. Aurretik, Guggenheim museoan arrakasta osoz proiektatu zen lana; aretoa lepo eta jendea kanpoan zain, sartu ezinda.

Bilbon festa berezia izan genuen herenegun gauez «160 metros» dokumentalaren estreinaldia aitzakia hartuta; makina bat musikari izan genituen oholtzan. Bi superbanda egin ziren, Bilboko itsasadarreko Eskuinaldekoa bata eta Ezkerraldekoa bestea. Kontua 80ko hamarkadako punk doinuak eta 90eko hamarkadako Getxo Sounda une batez berpiztea zen, aspaldiko lagunen topaketa egiteko ezin aproposagoa suertatu zen ospakizun baten bidez.

Jerry eta Aitor Bakaikoak egin zituzten aurkezpen lanak -biak ondo ezagunak Bilboko rock eszenan-. Jotzen, Eskuinaldekoak hasi ziren, Cujo, Gringo eta Ya te Digoko -orain Sonic Trash dira- musikariak tartean (Romera, Arana, Hono...). Azken horiek Lou Reeden «Rock & Roll» eta Cancer Moon berrirakurri zituzten. Gero, Ezkerraldeak hartu zuen txanda; besteak beste, Parabellum eta Distorsion taldeetako kideak izan ziren agertokian. Longboards-ek ere jo zuen -Yo Soy Julio Cesar taldekoa zuten kide bat-, baita Subversion X-eko kantariak ere. Zaramako ordezkari Roberto Moso izan zen oholtzan, eta, Putakaskak, berriz, «Barakaldo Revienta!» jo zuen. Eta iraganetik orainaldira, 121 Crew gonbidatu zituzten bukaerarako; gaur egun Ezkerraldean euskal rap doinuak entzuten dira!

Lagun giroa izan zen nagusi aretoan, rock zaleak ziren bildutako guztiak, kontzertuetara joaten jarraitzen dute eta gehienak elkar ezagutzen dute. Aretoan garagardo kañeroa jarri zuten baina... plastikozko edalontziak bukatu egin ziren! Hala, Azkena aretora jo behar izan genuen festa goizaldera arte luzatzeko. Aurretik, atalka burututako dokumentala bere osotasunean Zinebin erakutsi zuen, Guggenheim museoan egindako premiere bikainean. Rock zalez lepo aretoa, eta jendea sartu ezinik kalean, toki faltan. Eta bukaeran, iritzi nagusi bat -atalen bat aurretik ikusia zuten gehienek-: «Osotasunean asko irabazten du; primeran dago!».

«160 metros. Una historia del rock en Bizkaia» dokumentalak, Bilboko itsasadarreko bi ertzetan egin izan den musika pantailaratzen du, izan zituen ezberdintasunak aipatuz. Ezkerraldean eta 80ko hamarkadan, punk aldarrikatzailea egiten zen euskaraz eta gazteleraz, eta Eskuinaldean, hamarkada bat geroago, Getxo Sound deitu zenak egin zuen eztanda, grunge doinuak eredu, ingelesez eta asmo hedonistaz. Eta 160 metro ertz biak banatzen dituen tartea da, Bizkaia Zubiak punta batetik bestera duen neurria.

Dokumentala Joseba Gorordo zinemagileak eta Alvaro Fierro musika kritikariak zuzendu dute eta Stereozonak ekoitzi du. «Musika abiapuntutzat hartuta bi ertzen arteko ezberdintasun sozioekonomikoak agertu ditugu -azaldu zigun Gorordok-, oso zinematografikoak dira-eta. Hor dituzu adibidez, Coppolaren `The Outsiders', edo gaur egunera etorrita, `La vie de Adele' frantses maisulana, non Sartre aipatzen duen neskato burgesa langile familiako neska nerabeaz maitemintzen den. Izan ere, horrelakoa da bizitza».

«Ezkerraldeko Eskorbutok 1992an jo zuen azkenekoz zuzenean, eta urte berean argitaratu zen Getxo Sound eszenako talde garrantzitsuenaren lehen lana, El Inquilino Comunista-rena. Eta datarekin jokatu nahi izan dugu», adierazi zigun, bere aldetik, Fierrok. «Eta begitandu zitzaigun orain egin behar genuela eta gure ikuspuntutik, bi hamarkada igaro izanak ematen duen perspektibarekin».

Dokumentala crowdfunding bidez burutu dute, eta makina bat lagunen parte hartzea izan du. «Egitasmoak oihartzuna izan badu, oso interaktiboa izan delako da». Eta metraje mugengatik dokumentu asko baztertu dituztenez -argitaratu gabeak batzuk-, material osagarri legez 160metros.com atarian eskegitzea dute orain asmoa.

«160 metros. Una historia del rock en Bizkaia» ordubeteko lana da, 10-15 minutu inguruko bost ataletan banatutakoa. Lehen hirurak Internet bidez ikus daitezke jada, eta Donostiako Creative Commons jaialdian botako dituzte etzi asteazkena, 18.00etan, Koldo Mitxelenan. Gero musika dokumentalen zinemaldietan erakutsi gura dute, Madrileko Documentan, Bartzelonako In-Editen... ETB berak ere botako ei du.