Bi dimentsioko Bertso Derbia jokatuko dute Athleticek eta Realak Antzoki Zaharrean

Euskal derbiak jokatzen direnean futbol zelaian sortzen den giro aparta bertsolaritzarekin konparatuko dute beste behin Donostian egingo den bertso derbiaren bigarren edizioan.

Realzaleak eta athleticzaleak ez dira inoiz ados jarriko zelaian gertatzen denari buruz. Hala ere, harmailetan sortzen den eta kaleak kolorez janzten dituen giro jatorrak ezin du derbietan hutsik egin. Alderdi horri helduta prestatu dute Bertso Derbiaren bigarren edizioa Donostiako Antzoki Zaharrean abenduaren 3rako (19.00).

Iaz Bilbon egin zuten bertso saio berezi hau eta aurten Gipuzkoako hiriburuari tokatzen zaio anfitrioi lanak egitea. Juan Karlos Izagirre alkateak hartu zuen hitza lehenik. «Derbien berezitasuna da denak euskaldunak garela, kultura bera eta hizkuntza bera dugula. Horren adierazlea da bertsolaritza ere, lehia sanoa eta euskal kultura uztartzen dituelako», azaldu zuen. Horretaz gain, Antzoki Zaharra eta Anoeta betetzea espero duela esan zuen, eta «zorte pixka batekin Realak irabaziko du».

Joseba Ibarburu, Real Sociedad Fundazioko ordezkaria, ere baikor agertu zen bere taldearekiko. «Iaz Reala nahiko ondo ibili zen BBK aretoan eta San Mames zaharrean... baina ez dut gogoratu nahi zein emaitza lortu genuen», bota zuen txantxetan. Honen hitzetan, lehenengo Bertso Derbia Athleticen ekimenez prestatu zuten. Athleticek proposamena egin eta segituan onartu zuten, ekimenak aurretik zuten harreman ona indartuko zuelakoan.

Ibarburuk gogorarazi zuen gizonezkoen futbol derbiaz gain, emakumezkoek ere jokatuko dutela Donostian urtarrilean. «Bertso Derbiarekin, hiru izango dira hamar egunetan Athleticek eta Realak elkarren aurka jokatuko dituzten derbiak».

Athleticen izenean, Jose Angel Iribar atezain historikoak hitz egin zuen. «Futbolarientzat bertsolaritza eredugarria da. Lehia hori nahi dugu trasladatu futbol zelaira eta kalera, gizarte onuragarriago eta zabalagoa lortu nahi dugulako».

«Hamaikakoa»

Hamaika ez, zortzi izango dira talde bakoitza defendatzen saiatuko diren bertsolariak. Real Sociedad taldeko kapitaina Amaia Agirre izango da eta berarekin arituko dira Beñat Gaztelumendi, Alaia Martin, Xebastian Lizaso, Nerea Elustondo, Jexus Mari Irazu, Ane Labaka eta Agin Laburu. Athletic Club taldeko kapitaina, berriz, Igor Elortza izango da eta bere taldekideak izango dira Arkaitz Estiballes, Iratxe Ibarra, Miren Amuriza, Etxahun Lekue, Onintza Enbeita, Fredi Paia eta Nerea Ibarzabal.

Athletic eta Reala aurkariak izango dira, baina inolaz ere etsaiak. Talde bakoitzak bere koloreen ikuspuntua irudikatuko du. Ideia honi helduta, Usandizaga BHIko Diseinu Grafikoko ikasle Yeray Gasconek aurtengo kartela egin du: txapela gelditzen saiatzen ari den atezaina. Honek betaurreko txuri-urdin-gorriak daramatza jantzita. «Bertsolariak eta futbolariak antzekoak dira: zutik daude eta bata besteari golak sartzen ahalegintzen dira», azaldu zuen diseinatzaileak.