A. ARRUTI DONOSTIA

Kalifornian euskaldunek izandako presentzia dokumentatu du Asun Garikanok

«Gizajendeak lekua behar izaten du bizitzeko. Paisaia, izendatua eta kontatua, memoriaz betetzen da», esanez hasten du Joseba Sarrionandiak Asun Garikanoren (Tolosa, 1962) saiakerari egin dion hitzaurrea. Eta memoria historikoa kontzeptua «modu zabalagoan» hartu eta aberasteko idatzi du Garikanok «Kaliforniakoak (1533-1848)», Pamiela argitaletxearekin.

Itzulpengintzan aritua eta gaur egun «Erlea» aldizkariaren edizio arduraduna, bigarren saiakera du tolosarrak. «Far Westeko Euskal Herria» (Pamiela, 2009) izan zen lehenengoa, Nevadan igarotako egonaldi luzean sortutakoa, horretara propio joanda.

Bigarren hau, berriz, Kalifornian egindako egonalditik sortu da baina, hasiera batean behintzat, horretarako inolako asmorik ez zuela. «Errealitateak jakin-mina piztu zidan, euskal izenak ikusten nituen kaleetan...», esan zuen atzo. De Anza boulevard eta Lasuen kalea izenei tiraka hasi eta mundu bat zabaldu zitzaion. «Euskal Herri ahaztu, ezabatu, ikusezin bat zegoen hor eta hau `arkeologi' lana izan da, ezkutukoa kanporatzeko ahalegina».

Horrela jakin zuen, besteak beste, Kalifornia zapaldu zuen lehenengo europarra euskalduna izan zela, Fortun Ximenez de Bertandona; San Frantziskoko badia gurutzatu zuen lehen itsasontzi europarrean kapitaina eta kapilaua ere hemengoak zirela eta 1792tik 1822ra bitartean, Kaliforniako gobernadore guztiak euskaldunak izan ziren.

Liburuak kolonizazioari buruz gogoeta egiteko balio duela adierazi zuen Garikanok. Argi dago ikuspegi bakarra eskaintzen duela, kolonoena, indioen bertsiorik ez dagoelako 1860 arte. Baina tolosarrak ondorioztatu duenez, «indiorik onena hildako indioa» bezalako ideiak beranduago iritsi ziren, «yankee»-en eskutik. «Hauek oso oker egongo ziren, baina indioen bizimodua hobetzea eta haien arimak salbatzea zen euren helburua. Gero etorri ziren indioak desagerrarazteko ideiak», esan zuen.

Historia guztia egunerokoetan

Garikanoren sorpresarako, liburua idazteko bilaketa lanetan hasi zenean konturatu zen garaiko kolonizatzaile haiek guztiek egunerokoetan dokumentatu zutela dena, eurentzat lur berriak zirenez guztia idaztera behartuta zeuden. «Eskuz idatziak daude, garaiko gaztelanian... irakurketa zaila da askotan, astunak dira, den-dena idatzi behar zutelako», esan zuen.

«Historiako aktoreak dira baina aldi berean kontalariak dira», adierazi zuen Garikanok. Eguneroko horietatik pasarte interesgarrienak aukeratu eta azaldu ditu, eta mapa, dokumentu eta argazkiekin jantzi du kontakizuna. Pasarte horietako batean ikusten da adibidez, Jose Juakin Arrilaga gobernadoreak, jatorriz aiarra zenak, bertako biztanleekin izandako jarrera, bat-batean milatik gora euren txaluparen atzetik zituenean: «Erraza egingo zitzaidan ditudan armak kontuan izanda sarraski bat egin eta indioak garaitzea, baina euren zorigaitzaz errukitu nintzen», idatzi zuen bere egunerokoan.

Bestalde, liburuak erakusten du, duela ez hainbeste, «zenbat herri, zenbat indio nazio, bakoitzak bere hizkuntza...» zeuden inguru hartan.