Anartz BILBAO BILBO

Lekeitioko Euskal Zine Bilera, haize berriek freskatua

Euskara hutsezko zinemaldiak 36 urte beteko ditu aurten eta eraberrituta dator, lantaldeari zein sariei dagokienez. Azaroaren 24tik 30era Lekeition izango den zinemaldiak inoiz baino lan gehiago jaso eta pantailaratuko ditu; 52 film izango dira lehian.

Lekeitioko Euskal Zine Bilera, urte gaitzetan, frankismo ostean, orain dela kasik lau hamarkada gorabehera eta ahalegin handiz sortu zen. Euskara hutsezko zinemaldi bakarra zenak euskarari eta zinemari bultzada eman eta euskal zinemagileentzako plaza sortzea zuen orduan helburu, eta horretan jarraitzen du.

«Xedea jaialdia indartzea dugu -adierazi zuten arduradunek atzoko agerraldian-. 2008an ordura arteko lantaldea desegin eta Udalak hartu zuen ardura, eta aurten antolakuntza taldea kide berriekin indartu egin da. Zine Bilerak gazte jarraitzen du».

Zaharberritzeak lantaldeari ez ezik, egitarauari eta sariketari ere eragin die 50.000 euroko aurrekontua duen zinema topaketak. Jaialdiak historian lehenengoz Irekiera Ekitaldi bat izango du eta, ondotik, Mireia Gabilondoren «Amaren eskuak» botako dute, zuzendaria bera eta Karmele Jaio izen bereko liburuaren egilea bertan direla; baita Bukaera Ekitaldia ere. Azken honek, sari banaketaz gain, «emozioz beteriko ekitaldi bat» jasoko du Eneritz Artetxe antzezlearen eskutik, Urtzi Iriondo musikariaren, Ana Krusa dantzariaren eta Ana Clara akrobataren partaidetzarekin.

Sariei dagokienez, orain arte sormenezko lanak, argumentuzkoak eta dokumentalak banatu izan ditu; eta hemendik aurrera zuzendaritza, ekoizpen, gidoi, argazki eta film onenak ere sarituko ditu Antzarrarekin; lehen egin ohi zuen moduan, lan profesionalak eta amateurrak banatuta. Epaimahaia eskarmentu handiko zinemagileek osatua dago.

Horretaz aparte, sari berezi bat sortu dute aurten, Gazte 22 saria, hogeita bi urtetik beherako zinemagileak, belaunaldi berriak, bultzatzeko asmotan. Atal honetara bederatzi lan aurkeztu direla-eta, pozik dira antolatzaileak. Topaguneak ikus-entzunezkoak sortzeko sortu zuen bekaren lehen emaitza ere ikusgai izango da Lekeition -azaroaren 29an-, «Irudi mintzatuen hiztegi poetikoa».

Erantzun ona

Zine Bileraren apustu berria lehen emaitzak jasotzen hasia da. Izan ere, inoiz baino lan gehiago jaso ditu aurten; 54 lan proiektatuko dituzte aurten -bi lehiaketaz kanpo-; 19 profesional eta 24 amateur. Guztiak euskara hutsean eginak izatea dute muga, eta gehienez ordu erdikoak izatea. Orain arte gipuzkoarrak nagusi izaten ziren jaialdian 36 urte behar izan ditu Bizkaiak film gehien aurkeztu dituen herrialdea izateko. Horietatik hamar Lea Artibaikoak dira; sei lekeitiarrak.

Azaroaren 24an, datorren igandean, izango da irekiera ekitaldia, eta lehian diren lanak azaroaren 26tik aurrera erakutsiko dira 19.30etik aurrera Ikusgarri zineman -lauzpabosteko sorta egunero-. Itxiera ekitaldia azaroaren 30ean, larunbatean, izango da; «24. Nazioarteko Kale Antzerki jaialdia. Lekeitio» botako dute lehiaketatik kanpo. Jaialdia pantaila erraldoi baten bidez jarraitu ahal izango da kaletik eta, etorkizunerako, zinemaren inguruan mahai-inguru eta berbaldiekin egitaraua osatzea gura dute antolatzaileek, benetako topaketa izan dadin.