Ane ARRUTI
EUSKADI LITERATURA SARIAK

Literaturaren beharraz eta literaturaren beharrez

Beharrezkoak zarete», esan zien atzo Cristina Uriarte sailburuak 2013ko Euskadi Literatura Sarietako zazpi idazle, itzultzaile eta ilustratzaile irabazleei. Garaiotan literatura pikutara doala gogorarazi zuen, berriz, Iban Zalduak. Gure gertuko historia adosteko balioko duen esperantzaz jaso zuen saria Ramon Saizarbitoriak.

Azken urteetako bere ibiltari izaerari eutsiz, iaz Bilbon ospatutako Euskadi Literatura Sarien banaketa ekitaldia Donostian egin zen atzo iluntzean, EHUren Carlos Santamaria zentroan. Iñigo Urkullu lehendakariak eta Cristina Uriarte Lakuako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak banatu zituzten.

«Martutene» (Erein) nobela «borondate onez» idatzitakoa dela gogoratu zuen Ramon Saizarbitoriak, euskarazko literatura ataleko saria jasotzean. «Miopea naiz baina irudipena dut ideologia oso ezberdineko irakurleek errespetuz onartu dutela `Martutene' -esan zuen-. Eta gogoa nuen esateko, esperantza piztu baitit gure historia gertukoaren kontakizuna adostuko dugun eguna ez dagoela urrun. Esan dezadan bide batez, sinistuta nagoela euskal narratibak paper garrantzitsua jokatu behar duela eginkizun horretan».

Eskertzak ere izan zituen Saizarbitoriak (Donostia, 1944): epaimahaikideei, Koldo Izagirreri -«nahiz berari gustatu ez, bere laguntzarik gabe `Martutene' alderdi askotatik askoz ere pobreagoa izango litzateke»-, Erein argitaletxeari... Baita kritikari ere, «aitortu behar dut neurri handi batean kritikarentzat idazten dudala. Beren konplizitatea eta laguntza behar dudala», esan zuen. «Kritika premiazkoa da kontsumo errazekoak ez diren lanak sostengatzeko». Eta irakurle nahiz irakurle klubentzat ere izan zituen hitzak: «Euskal idazleek egundoko zortea daukagu, gure irakurleria ez delako oraindik bilakatu best-seller prefabrikatuen kontsumitzaile merkatuan».

Kritika eta umorea

Iban Zalduak (Donostia, 1966) gaztelaniazko saiakeraren sailean «Ese idioma raro y poderoso» (Lengua de trapo) lanarekin eskuratu du saria, euskal literatura garaikidearen inguruko gogoeta kritiko eta umoretsua eginaz.

«Liburu honek bi albiste ditu, bata ona, bestea txarra. Ona, sekula ez dela hain literatura onik egin. Txarra, hau lortu dugula justu literatura, ezagutzen genuen moduan, bere prestigio kulturalarekin, bere garrantzi sozialarekin, bere nazio eta estatuen egituratzaile funtzioarekin... pikutara doanean. Horren aurrean zer? Irakurtzen eta idazten jarraitu», esan zuen.

Adinean gora eginagatik, horretarako asmoa zuela azaldu zuen Ramiro Pinillak (Bilbo, 1923) ere, gaztelaniazko literatura atalean «Aquella edad inolvidable» (Tusquets) sarituta. «Ederra da 15 urtetatik egin nahi izan dudana egiten bukatzea. Ikusten duzuen honek idazten jarraitu nahi du», eman zuen abisua.

«Tximeletrak» (Pamiela) poema liburuarekin haur eta gazte literaturako saria bigarrenez eskuratu zuen Xabier Olasok «lan isilean ari direnak» izan zituen akorduan. «Behin entzun nuen sariak itsasargiak bezalakoak direla. Ez da argia axola duena, iluntasuneko hamabi segundoak baizik. Eta horrela da, argia eta iluna dira, txandakatuz bizitzan bezala, nabigatzailearen norabide ona seinalatzen uzten dutenak».

Elena Odriozolak (Donostia, 1967) ere bigarrenez eskuratu du saria. Jorge Gonzalvok idatzitako «Tropecista»-ko ilustrazioak paper geruzak bata bestearen gainean jarriz egitea pentsatu zuen hasieran. Gero ahalik eta geruza gutxienekin egitea erabaki zuen, «eta erraztu nahian, zaildu nuen. Agian bizitza horrelakoa da, agian bizitza konplikatzea errazteko bide bakarra da. Geruzak kentzeko gaudela uste dut, zaila izan arren, eta nik liburu honetan batzuk kentzea lortu nuen», azaldu zuen.

Itzulpen saria, berriz, Iñaki Mendiguren Bereziartuk eta Sarah-Jane Turtle-ek jaso zuten «Tom Sawyer-en abenturak» (Mark Twain) liburuagatik, eta elkarrizketa polita osatu zuten oholtza gainean, euskara, ingelesa eta gaztelania tartekatuz. Euskara ikasi izanak, Euskal Herrian integratu eta pozik bizitzeko balio izan diola esan zuen Turtle-ek. Gogoan izan zituzten, bestalde, lanik gabe dauden itzultzaileak eta Arrasate eta Debagoienan larri dabiltzanak.

Jon Sudupek, «Oi Europa!» (EHU) euskarazko saiakera onenarengatik sarituak, «europeismoa gainbeheran dagoen honetan, Europaren defentsa» egin zuen. «Europa bere aniztasunak egiten du», «nazioen aniztasunean batasuna da Europa».