Felipe EIZAGIRRE
Goldatu talde memorialistako kidea
GAURKOA

Oroimen bidetik, Argentinarantz

Goldatuko kide hau Argentinara joango da laster, Maria Servini epailearen aurrean deklaratzera, Euskal Herriko beste hiru lagun eta Estatu espainoleko beste hainbatekin batera. Bidaia horrek ez ezik, frankismoaren eta ondorengo errepresioak ere batzen baititu denak. Horretaz dihardu Izagirrek, hain zuzen ere, bere artikuluan, bide batez bere esperientzia kontatuz.

Duela gutxi ospatu da Euskal Herrian Memoriaren Eguna. Horrelako egun bateko ospakizunek huskeria dirudite, baina gisa honetako liturgiak gizarteari bizi deneko kontzientzia eta sentsazioa sorrarazten dizkio. Gerta daitekeena da, bizitzako arlo guzietan bezala, liturgiak ez badira benetakoak eta berritzaileak, hutsean, azalean geratzeko arriskua dutela.

Aurten ere, alderdi politikoek ez dute lortu batasun gutxiengoa. PPren jarrera izan da nabarmenena. Parlamentuan eta Memoria Eguna ospatu den herrietan EAJ, EH Bildu eta PSOE elkarrekin ikusi ditugu. PP, ordea, ez. Esaterako, Araban bere aldetik ospatu zuen. Nire irudiko, PPk sufrimendua sailkatu, objektibizatu egin du. Baina biktima ororen sufrimendua esperientzia da; esperientzia pertsonala, sakona eta lazgarria, noski, eta egin daitekeen bakarra da enpatizatu, entzun eta hurbildu. «Desberdinak sorreran, berdindu egiten dira biktima bilakatzean» (Etxeberria, Aranzadiko presidentea).

Egun, horrela, memoriak sufrimendu eta biktima asko eta askotarikoak biltzen ditu, eta ez legoke gaizki bakoitzari bere izena jartzea, baztertua inor senti ez dadin. Memoria luze-zabala da eta, agian, gaur gizarteak inoiz baino biziago sentitzen du. Erakunde mailan ere hedatu da. Hor, kasurako, Iruñeko Parlamentuak onarturiko legea. Ikusten denez, ez aho batez baina bai gehiengoz. NBEk ere egin dio dei, nonbait, Espainiako Gobernuari desagertuak-eta hor gera ez daitezen. Erkidegoko Parlamentuak ere Argentinan jarri den kereilarekin bat egin du; hemen ere ez adostasun osoz, baina bai gehiengoz. Honen harira, talde memorialistak ere ugaritu dira, bakoitzak garai konkretu bateko biktimak gogoratuz, eta neurri batean memoria bidez, justizia, erreparazioa, inpunitaterik eza eta eginiko kaltearen errekonozimendua lortu nahian, noski, eta bizikidetza hobe eta orekatuagoa eraikitzeko asmotan.

Kontua da hemengo epailerik ezean, Argentinako Servini andere epaileak Euskal Herriko plataformak zein Estatu osokoek aurkeztutako kereila tramitera onartu duela. Talde ugari eta anitza gara Argentinako bidea hartu dugunok: hala nola 1936ko gerra zibilekoak eta gerra ondorengoak, baina betiere frankismoaren garaikoak, hasiera eta bukaerakoak, 1977ra artekoak. Hemendik, Euskal Herritik, goazenon artean bagara gerra zibileko familiartekoak eta 1967, 68 eta hortik aurrerako urteetan giza eskubideen zapalkuntza eta urraketa sufritu genuenok, batik bat, tortura eta tratu txarrak direla medio. Ni neu Goldatu izeneko talde memorialistako kidea naiz eta aipatu garai haietan jasandakoa Servini epailearen aurrean deklaratzera noa.

Alabaina, ez da erraza orainetik iragana bizitzea; baina, bestalde, beharrezko eta garrantzitsua da norberaren eta gizartearen bizikidetzarako. Ni neu, aipatu garai haietan, 1967tik aurrerakoaz ari naiz, fraide frantziskotarra nintzen, eta manifestazioen, elizetako itxialdien eta ondoriozko multen ondoren, 10 urteko espetxe zigorra ezarri zidaten. Multak zirela medio, Gipuzkoako hierarkiak eta fraideen nagusiek Francori men eginaz, zigorra komentu batean betetzeko aukera ematen ziguten. Baina guk beste presoekin bete nahi genuen zigorra. Frankismoak, ordea, bere eta Elizaren arteko harremana zaindu nahi zuen eta, tirabira askoren ondorioz, kartzela konkordatarioa ireki zuen. Zamorako presondegi barnean penatu gabeentzat zuten zati iluna eman ziguten, beste presoengandik isolatuta, noski. Alberto Gabikagoeaskoa, Bizkaiko apaiz sekularrak inauguratu zuen, eta hurrengo egunean nire adiskide Juan Mª Zulaika eta biok eraman gintuzten. Behin ireki eta gero, Zamorako kartzelatik apaiz eta fraide mordo bat iragan zen. «Zamorako apaiz-kartzela» liburuan jasotzen dira handik iragan zirenen testigantzak. Hau ere, garai hartan gertatutakoa ulertzeko liburu interesgarria. Ni neu, hiru urte inguru iragan ondoren, sekularizatu egin nintzen eta preso politikoak zeuden espetxeetatik iragan nintzen, edozein herritar preso gisa. Besteak han geratu ziren. Handik pasatutako zenbaitek Argentinako Servini epailearen aurrean kereila aurkeztua dugu, eta ni haren aurrean deklaratzera noa, jakin baitugu, bide batez, epaileari interesatzen zaiola Elizak 1936ko gerra zibilean eta ondorengo urteetan, gure garaian alegia, izan zuen konplizitate maltzurra. Nire edo Zamorako espetxean egondakoen kasuan bi zati daude: bata, edozein herritarrek sufritu genituen tortura eta tratu txarrak, eta bestea, Elizaren konplizitatea salatu, unibertso horretan geundenez.

Nire kasu azaldu aurretik, 36ko gerrara itzuli nahi nuke. Gerra horretan euskal apaiz asko izan ziren tratu txarrak, torturak eta fusilamenduak sufritu zituztenak. Ezin esan, noski, hori bera hierarkiari buruz. Eta oraindik ez dugu «barkamen» hitza entzun. Oraintsu argitaratu du Intxorta talde memorialistak Anxo Ferreiro galegoak idatzitako «Consejos de guerra contra el clero vasco». Pasarte eta testigantza gogorrak ditu benetan. In memoriam eta ea Elizak mea culpa ozena aldarrikatzen duen.

Itzul nadin nire kasura. Nirea ez da entzundakoa eta irakurritakoa, bizitakoa baizik. Atxiloketa bitxi baten ondorioz -kartzelan bainengoen multa bat ordaintzen-, Gipuzkoako Gobernu Zibilera eraman ninduten, eta han sufritu nituen hiru egunez tratu txarrak eta torturak, zeinak abokatuak salatu zituen baina, betiko kontua, segurtasun neurriak zirela esanaz justifikatu zituzten. Eta Elizaren konplizitateari nagokiolarik, esan behar da orduan elizgizon eta herritarrek sufritu genuen giza eskubideen aurkako zapalkuntza eta urraketaren aurrean, Elizaren eta fraideen nagusien konplizitatea nabarmena eta agerikoa izan zela, Zamorako kartzelaren diseinuan eta tortura eta gerra kontseiluen edo epaiketen aurrean. Ez baitzuten hitzik esan. Inoiz irakurri izan dut, Gipuzkoako elizbarrutiko oinarrizko kristauen talde batek idatzita, Gipuzkoako Eliza beti egon dela indarkeriaren aurka, eta beti gaitzetsi duela. Hori ez egia. Ni eta garai hartakoak, eta Zamorako kartzela, lekuko. Jaxinto Argaia zen Gipuzkoako gotzaina, eta frantziskotarren probintziala ere euskalduna, noski. Biak konplize. Eta nik, eta Zamoran egon ginenetariko inork ez diogu entzun Elizari barkamen hitzik. Barkamen hitza oso gustukoa du Elizak. Egia esan, gaur ez nago unibertso horretan, baina ongi legoke izandako jarrera publikoki aitortzea. Eta ez diot gorrototik, justiziatik baizik.

Torturatzaileei dagokienez, besterik litzateke. Gaur ez diet gorrotorik, baina epailearen aurrean justizia, egia, inpunitaterik eza eta errekonozimendua eskatuko ditut; asmo horrekin noa epailearen aurrera.

Estatuko talde handi zabalaren barnean, Euskal Herritik lau goaz: Andoni Txasko, 1976ko martxoaren 3an Gasteizko eliza batean gertaturiko triskantzan bizirik irten zenetako bat; Jon Arrizabalaga, Andoni zenaren anaia; Mariajo Zorroza, 1937an Galizian fusilatutakoaren senitartekoa, eta ni. Estatutik ere joanen dira hildakoen eta torturatuen familiartekoak, gerran eta ondoren hilak eta torturatuak.

Argentinan hasten den bidaia honek zer ibilbide izanen duen, auskalo! Bizirik dauden bi torturatzaileren estradizioa, Bily el Niño-rena eta Jesus Muñecas guardia zibilarena, alegia, Servini epaileak eskatua izan behar du. Baina azken hitza Gobernuak badu... Halere, bidea hasteak badu bere balioa, Bernardo Atxagak bizitzari buruz dioena aplikatuz: «Bizitza bizitza baita».

Bukatu aurretik, zera: idazti hau egiterakoan Juan Mari Bandres etorri zait burura, bera izan baitzen, senitartekoez aparte, abokatu eta adiskidea. Asko zor diot. Beraz, Juan Mariri: In memoriam.