Martxelo DIAZ

Presoei diru laguntzak kentzeko eskaera gelditzea lortu du Amaiurrek

Kaleratutako presoei laguntza publikoak kentzeko eskatuz mozioa aurkeztu zuen atzo UPyDk Kongresuan. PP eta UPNrekin adostu zuen akordioari esker, onartuko zela zirudien. Amaiurrek akordio horri betoa jarri zionez, jatorrizko testua bozkatu zuten, eta ez zen onartu.

Euskal preso politikoei kartzelatik ateratzean diru laguntza publikoak jasotzeko eskubidea kentzeko UPyDk bultzatu zuen proposamena gelditzea lortu zuen atzo Amaiurrek Kongresu espainolean.

Diru laguntza hauek jasotzeko ezinbesteko baldintza euskal presoak damutzea izatea eskatzen zion Gobernuari UPyDk aurkeztutako mozioak. Onartua izateko UPyDk PPrekin eta UPNrekin erdibideko proposamen bat adostu zuen. Hori bozkatu behar zuten atzo Kongresuan.

Kongresuaren araudiaren arabera, erdibideko proposamenak bozkatu ahal izateko beharrezkoa da talde guztien oniritzia. Eta hori erabili zuen Amaiurrek. Ez zuen oniritzirik eman, eta azkenean ezin izan zuten horren bozketa egin. Ondorioz, UPyDren jatorrizko testua bozkatu zuten, eta PP eta PSOE Konstituzioaren aurkakoa delakoan daudenez, ez zioten babesik eman testuari.

Xabier Mikel Errekondo Amaiurreko bozeramaileak azaldu zuenez, PPk eta UPyDk biktimen sektore bati jarraituz mehatxuaren eta mendekuaren aldeko apustua egin izana agerian utzi nahi izan dute.

Amaiurren betoaren ondoren, sutan jarri zen UPyDko bozeramaile Rosa Diez. PPri Amaiurren xantaiaren aurrean men egitea leporatu zion.

Gobernu espainola, aurrera

Dena den, Barne ministro Jorge Fernandez Diazek Gobernu espainola aurki presoen eskubide hau murrizteko neurriak hartzeko prest dagoela adierazi zuen. «Gobernuaren borondatea ildo horretan aurrera segitzea da», esan zuen, bide batez Amaiurren jarrera kritikatuz.

Halere, presoen aurka halako neurriak hartu ahal izateko beharrezkoa izango da lege zenbait aldatzea eta horretarako prozedura zehatz bat bete behar da. Horrekin batera, diru laguntzak kentzeko erabakia Konstituzioaren aurkakoa den ala ez aztertu beharko litzateke, eta horretarako txostenak egin beharko lirateke. Horrenbestez, ezinezkoa da gaurko edo datorren asteko Gobernu espainolaren bileretan horrelako erabakirik hartzea, Fernandez Diazek horretarako (eta gehiagorako) gogoa badu ere.

Halere, agerian gelditzen da PP (UPyD eta UPN bezalako alderdien laguntzarekin) biktimen sektore erradikalen esanetara edozer egiteko prest dagoela, giza eskubideen urraketan oinarritzen den espetxe politikari amaiera eman beharrean.

Rajoy, epaileekin bat

Bitartean, Gobernu espainoleko presidente Mariano Rajoyk epaileen aldeko mezua plazaratu zuen atzo, biktimen sektore horien kritiken aurrean. «Ezin da epaileen kontra egin. Europako epaitegiaren erabakia aplikatu behar dute, eta ondorioz, preso horiek kaleratu behar dituzte», esan zuen Radio Nacional de España irratian egindako elkarrizketa batean 197/2006 doktrina pairatu duten presoak askatzeko erabakiaren gainean.

«Gobernuak ez du ezer negoziatu ETArekin eta ez du ezer negoziatuko. Azkenean, Justizia gailenduko dela espero dezagun», gaineratu zuen Rajoyk biktimen sektore hauen kritikei erantzunez.

pedraza

AVTko buru Angeles Pedrazak hitz gogorrak izan zituen atzo ere Gobernu espainolaren kontra. «Onartezina da hiltzaileak, bortxatzaileak eta terroristak aske uztea. Hori ez da akats soil bat», esan zuen.

JUANES

Biktimen samina ulertzen dutela baina epaileek legea ezarri behar dutela esan zuen atzo Auzitegi Nazional espainoleko presidente Angel Juanesek Salamancako Unibertsitatean.