GARA

Nabarraldek Orreagako gatazkari buruzko dokumentalaren ekoizleak sarituko ditu

Nabarralde Sariaren banaketa ekitaldia datorren abenduaren 3an egingo dute Baionako Euskal Museoan. Ekitaldi horri begira, aurtengo sarituak zeintzuk diren argitu zuen atzo Angel Rekalde Nabarraldeko zuzendariak. Gure ondare linguistiko, historiko eta kulturalean sakonduz eginiko lana aitortzea helburu duen sari sinboliko horrekin «Orreagako gatazka 778.urtean» dokumentalaren ekoizpenean parte hartu dutenak omentzea erabaki du aurten Nabarraldek. Basil Ibañez eiheralartarra, Eñaut Etxamendi ezterenzubitarra, Anjel Aintziburu luzaidarra eta Antton Kurutxarri baigorriarra izango dira sarituak, eta horiekin batera, baita Kanaldude Aldudeko telebista ere.

«Gertakari hori ikuspuntu propiotik, zorrozki, interpretatzeko gaitasuna da nagusi dokumental horretan. Munduan dugun leku honetatik kontatutako narrazioa da, eta ez, maiz gertatzen den bezala, botere arrotzek hedatutako ikuspuntutik kontatutakoa», nabarmendu zuen Rekaldek.

Hortaz, dokumental hori «balio handiko obra bat» dela gaineratu zuen, Orreaga «gure iraganaren» pasarte erabakigarria izan baitzen. «Gure talde memorian lehentasuna merezi du, Euskal Estatuaren sorreraren mugarri historikoa baita. Hor jaio zen gure independentzia», azpimarratu zuen, azkenik, Nabarraldeko zuzendariak.