«Euskalgiltza» aldarrikatu du Bilbaok «Euskararen kate hautsiak»-en aurkezpenean

Aurreko asteotan GARAk iragarri duen «Euskararen kate hautsiak» lana agertoki esanguratsu batean aurkeztu dute: Aieten. «Balia dezagun urte luzeetan pairatutako egoera iraultzeko», eskatu du Kontseiluak.

Batez ere azken mendean euskarak eta euskaldunek jasandako jazarpena ikaragarria bezain ezezaguna da. Horri aurre egiten dio Euskal Memoria Fundazioak euskalgintzaren laguntzaz osatutako ``Euskararen kate hautetsiak'' lan mardulak (960 orrialde). Dabid Anautek idatzi du liburua, eta nabarmendu zuenez, bilduma luzea eta pisutsua izan arren, jazarpen horren «zertzelada batzuk baino ez ditu jasotzen». Sufrikario horren ahozko lekukotasun batzuk ere entzun ziren aurkezpenean; umetan euskaraz abesteagatik atxilotuak izan ziren adineko euskaldunenak, edo euskaldun izan ezin direnenak (beraiek babesteagatik aita-amek hizkuntza irakatsi ez zietelako...)

Baina txanponaren beste aldea ere jasotzen du liburuak: euskalgintzaren sorrera, bilakaera eta lana, hain zuzen ere. Honi beste buelta bat ematen, «euskalgiltza» kontzeptua jarri zuen mahai gainean Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok: «Geuk ere egungo egoera gainditu eta euskararen normalizazioa posible egingo duen beste egoera bat eraiki nahi dugu. `Euskalgiltzak' badu zer ekarria egungo testuinguruan; izan ere, gaur egungo egoerak euskararen normalizazioari ezartzen dizkion mugen kontzientzia duen neurrian, eztabaida orokorretan ekarpena egiteko eskubidea eta beharra ditu», gehitu zuen.

Hori dela eta, lan honen aurkezpena egiteko beste toki batzuk erabil zitezkeela (bereziki Martin Ugalde Parkea) aipatu zuen Bilbaok, baina Aiete aukeratu zuten: «Gure herriaren historia garaikidean esanahi handiko gunea da. Hemen bertan, gela honetan bertan, orain dela bi urte Euskal Herriko hamaika eragile politikok eta sindikalek, nazioarteko hainbat aditurekin batera, gure herriaren historiaren zati bat idatzi zuten, gatazka amaitzeko urrats esanguratsua emanez. Tamalez, euskalgintzako ordezkariak ez ziren Aieten izan, eta horrek zer pentsatu eragin zigun, alegia, euskararen gaia ez dagoela agendan behar bezala txertatuta», aitortu zuen Kontseiluko buruak.

«Zapalkuntzaren neurria»

Dabid Anautek azaldu zituen liburuaren nondik norakoak. Beste gauza askoren artean, hauxe erakutsi nahi izan dute: «Zapalkuntza ez da gauza abstraktu bat, norbaiti gertatu zaio, hiztunari eta herritarrari. Ezinbestekoa da, beraz, horien ahotsa jasotzea. Ez diogu agian inoiz neurria ongi hartuko gertatu den guztiari, icebergaren punta besterik ez dugu ikusiko, baina horri esker antzematen dugu nolabait azpian dagoenaren tamaina, ez nolanahikoa».

Euskal Memoria Fundazioaren izenean Arantxa Erasun mintzatu zen. Lana «guztiontzako tresna izatea nahiko genuke -esan zuen-, eta geroari begirako tresna: hurrengo belaunaldiei kontatzea beharrezkoa dugulako, euskaldun izateagatik sufritu duten eta sufritzen duten guztiei zor diegulako; euskara eta euskaldunen kontra egindakoaren egia ezagutu eta ezagutarazteko; eta azken batean, gertaturikoaren aitortzak soilik lortuko duelako bai zauriak ixtea, bai eta euskara oraindik ere zamatzen duten kate horiek etetea ere».