IKUSMIRA
IKUSMIRA

Durangoko Azoka: euskal kulturaren oasi, beronen bizitasunaren eztanda frenetikoa

Durangoko Azoka euskal kulturaren urteroko hitzordurik garrantzitsuena da, eta milaka bisitariren harrera gune da gaur Lan- dakoko ateak zabaldu direnetik. Baina izan, hori baino askoz gehiago ere bada euskal kulturarentzat: oasia, arnasgunea, parentesia, kulturgintzaren ardatz eta bere indarraren isla.

Azokaren 48. edizioak nobedade ugari izango ditu ikusgai eta salgai, nola literaturan hala musika arloan. Egile eta musikari berrien lanak zein beteranoenak, izen ezagunak eta ez hain ezagunak nahastuko dira egunotan kultur topagune horretan, kulturgintzako gizon-emakumeen, lagunen topagune baita Durangoko Azoka. Halaber, herri aldarrikapenek ez dute hutsik egingo.

Azken buruan, Euskal Herriko kultur ekoizpen eta kontsumoaren adierazle izateaz gain, egun horietan atmosfera berezia gailentzen da, bizitasunaren eztanda frenetiko batena, euskarak eta kulturak aurrera egiteko beharko lituzkeen baldintzak sortzen dituen ekosistemarena. Parentesia da, errealitate diglosikoa ezkutatu ezin duena, oasia da, argitaratzaileentzat urte zail hauetan arnasgunea, baina gonbidapen bat ere bada: euskal kulturgintza izan denari eta denari baino gehiago, izango denari begiratzekoa. Eta oroigarri bat ere bada, lehen baino hobeto gaudela, baino ondo egoteraino lana erruz egin eta bidea luzea dela gogorarazten duena, alegia.

Bere burua berrasmatuz, egokitzapen eta berrikuntza berriak sortzen segitzen du Durangoko Azokak. Liburu eta diskoetatik harago, kultura osoa hartzeko jauziak eginez. Erromeria bilakatu dela dioenik ez da falta, ohituraren erritu hutsa dela, baina, dudarik gabe, euskal kulturaren bizileku da. Literaturak, komunikabideak, hezkuntza eta abarreko sistema ezberdinak batzen dituen gunea. Euskaldunak eta beren kultura bazterreko, menpeko ez direla sentitzeko, etorkizun ezberdin bat proiektatzeko unea.

Eta hori gauza handia da euskararentzat, euskaldunentzat. Oztopoak oztopo eta aurrerantzean egin beharreko bidea bide, goraipatzekoa benetan. Egindako lan itzela aitortuz eta ospatuz, egiteke eta egiteko dagoena ardatz hartuta, Durangoko Azokak euskaldunen topaleku legez erreferentzia izaten jarraituko du, euskal kulturaren sistema osoaren bihotza. Erritmiko, arritmiko, taup-taup, euskal kulturaren biziberritzearen taupada da eta, bai, izaten jarrai dezala.