IKUSMIRA
IKUSMIRA

Afrika Erdiko Errepublika: kontinente baten bihotz urratua; genozidio berri baten atarian?

Gerraren eta bere izugarrikerien hotsak gero eta ozenago datoz Afrika Erdiko Errepublikatik. Heriotza eskuadroiak, torturak, bortxaketak... masa-biolentzia mekanizatu baten testigantzak iristen ari dira. Nazioarteko prentsa agentzien kontakizunaren arabera, Seleka-ko matxino ohiek -Sahel eskualdeko beste estatuetako gerlari arabiar eta musulmanen laguntzaz- eta «Anti-balaka» milizia kristauek borrokan dihardute; musulman eta kristau sektak, aurrez aurre. Eta azken hamarkadetan Afrikan «erregela» denez, Estatu frantsesa ageri da bien artean salbatzaile, ustez interes propiorik gabeko bihotz oneko jendarme legez. Baina ez da hain sinplea, korapilatsuagoa da dena. Urte luzeetan landatu, milaka afrikaerditarren gorpuzkiek ongarritu eta horien odolak ureztatu dituzten belar gaiztoen uzta da.

Afrika Erdiko Errepublikan Bokassa presidente ohia kargugabetzeko frantsesek aspaldi egin zuten «Barrakuda operazioa», antzekoak Boli Kostan, Libian, Malin... Segurtasuna eta egonkortasuna aitzakia, baina orain, urre eta diamanteen egarri. Genozidioa ate joka da Afrikako bihotz urratuan... eta Ruandan bezala, Parisek ezin du beste behin, bere erantzukizuna ezkutatu.