Iñigo Bilbao
Askapenako militante ohia eta LABeko kidea
GUTUNAK

Igor, izar internazionalista

Igor Urrutikoetxea joan zaigu. Eta bere martxak hutsune franko utzi ditu, ez soilik lagun eta burkide ginenon bihotzetan, baita internazionalismo eta herrien arteko elkartasunaren zeruan ere. Esan daiteke, Igor internazionalista izateko jaioa zela. Gaztetatik beste latitudeetako mapetan barrena ibilia, imajinazio eta irakurketaren bitartez, baina baita motxila harturik ere. Eta beti, beste herriekiko jakin-mina, errespetua eta bertatik sortzen den elkartasun sentimendua. Gure Euskal Herritik mundura; mundutik gure Euskal Herrira; borrokan den herri batetik borrokan diharduen beste herri batera. Horixe Igorren urte luzetako joan-etorrien iparrorratza.

Askapenaren eskutik hainbat aldiz brigadista eta beti laguntzaile, bultzatzaile amorratua. Beti zorrotz kritika egiteko orduan, fundamentuzko militanteen eskolakoa. Eta beti deitua zen lekuan presente, hutsik egin gabe, eskuzabal. Igorrek beti eraman du Askapena bihotzean eta Askapenak zor dio asko Igorri. Azken urteotako lekutik ere, LAB sindikatuan Nazioarteko arduradun bezala, beti begira ea nondik zihoazen Askapena, beti internazionalismoa lantzen, elikatzen, herri honen borroka eta etorkizunerako ardatz.

Izan ere, LABen sartu zen momentutik, ikusezinezko tintan idatzita zegoen nonbait nazioarteko idazkaritzara helduko zela. Toki ezberdinetan lan sindikala burutu bitartean, beti internazionalismoa buruan, bihotzean eta oinetan. Ze Igor pertsona praktikoa izan da beti; praktikoa eta burugogorra. Beraz, diskurtsoan aldarrikatzen zena errealitatean gauzatu beharreko kontua zela eraman zuen praktikara beti: brigadista moduan, bere «oporretako» bidaietan edota sindikatuaren izenean joandakoetan.

Lan eskerga burutu zuen sindikatuaren barruan. Temati, iraunkor, behin eta berriro aldarrikatuz internazionalismoak jokatu beharreko paper estrategikoa herri honen askapen prozesuan. Eta beti maisutasunez uztartuz ikuspegi internazionalista eta eginbehar diplomatikoak nazioarteko harremanen munduan. Horra hor gure «Urrutiren» abilezia!

Igor Urrutikoetxeak lagundu digu ulertzen zer den internazionalista izatea. Eta internazionalista zelako herri honen borro- kan inplikaturik zegoen goitik behera, buru-belarri. Igorrek ulertzen zuen internazionalismoa, posible den modu bakarrean: herri propioan inplikaziotik abiatuta. Bestela ez da internazionalismoa, «egongelako» sasi-elkartasuna baizik.

Oraingo bidaiak hutsune handia utziko digu. Baina izarren antzera, fisikotik desagertu eta gero, denbora luzean jarraitzen dugu euren argia ikusten. Zurea ez dugu ahaztuko, Igor.