GARA BERLÍN

Bere kontrako estatu-kolpe saiakera salatu du Hego Sudaneko presidenteak

Hego Sudaneko presidenteak estatu-kolpe saiakera bat bertan behera utzi duela esan zuen. Igandetik astelehenerako gauean tiro hotsak izan ziren Juba hiriburuan, eta etxeratze agindua ezarri zuten.

Hego Sudaneko presidente Salva Kirrek bere kontrako estatu-kolpe saiakera bat salatu zuen atzo. Riak Mashar presidenteorde ohiaren alde dauden soldatu talde bati egotzi zien saiakeraren ardura.

«Masharrek zuzendutako estatu-kolpe saiakera bertan behera uzteko gai izan da Armada», plazaratu zuen Kirrek atzo bertan eginiko agerraldian. Militarrez jantzita eta ministroez inguratuta azaldu zen. Aditzera eman zuenez, identifikatu gabeko pertsona batek airera tiro egin zuen agintea duen Sudan Askatzeko Mugimendua (SLM) bilkura egiten ari zen lekuaren inguruetan. SMLren egoitzari ere eraso egin zioten.

Indar Armatuen bozeramaile Philip Aguerrek adierazi zuenez, presidente-guardia osatzen duten zenbait militar matxinatu ziren igande gauean eta Defentsa Ministerioan nahiz hiriburuko arma biltegi garrantzitsuenean ere sartzen saiatu ziren. «Eraikinaren kontra tiro egin zuten inguratu ostean», gaineratu zuen Aguerrek. «Erasoek gaur goizera arte [atzo] iraun dute. Baina Gobernuak egoera kontrolpean du, erabat», nabarmendu zuen Hego Sudaneko presidenteak.

Ministerioari eraso egin zioten soldaduetariko batzuk jada atxilotu dituztela jakitera eman zuen.

Hala ere, etxeratze agindua ezarri zuen Juba hiriburuan arratsaldeko seietatik goizaldeko seietara bitartean. Atzo, Jubako kaleak hutsik zeuden eta dendak itxita. Associated Press albiste-agentziako kazetari baten arabera, soldaduak kaleetan ikus zitezkeen, kuartel militarretik arma hotsak iristen zirelarik.

Pasa den uztailean, Kirrek Mashar kargutik kendu zuen, Gobernuaren baitan agindu zituen beste kargugabetze batzuen artean. Herrialdearen batasuna bermatzeko, ezin dutela «pertsona bakarreko gobernua edo diktadura bat onartu» erantzun zuen Masharrek orduan.

2015eko apirilean izango dira presidentetza-hauteskundeak eta hautagai gisa aurkezteko asmoa dute bai Kirrek eta bai Masharrek. Lehian dauden bi talde etniko ordezkatzen dituzte, dinkak eta nuerrak, hurrenez hurren. Etsai historikoak dira. Bi etnia horien arteko liskarrak Jonglei deritzan eskualdean -Hego Sudaneko handiena- gertatu dira gehienbat. Bertan dinka, anyuak, jie, murle eta lou nuer tribuak bizi dira.

2011ko uztailean, Hego Sudanek independentzia aldarrikatu zuen. Geroztik, egoera ezegonkorra izan den arren, ez da hain gertakari larririk izan herrialdean.

Azken istiluak direla-eta, ehunka pertsonak ihes egin zuten Nazio Batuek bertan duten misioaren (UNMISSen) egoitzan, Jubako nazioarteko aireportuaren alboan, eta NBEren Etxean babesa eskatuz. Ihes egindako gehienak emakumeak eta haurrak direla zehaztu zuen UNMISSek.

Hilde Johnsonek, NBEren idazkari nagusiaren ordezkari bereziak, bere kezka azaldu zuen egoeragatik eta lasaitasuna eskatu zien alde guztiei.