GARA

Etsipena eta gogogabetasuna, tunisiar iraultzaren hirugarren urteurrenean

Ez zen giro handirik tunisiar iraultza hasi zeneko urteurren egunean. Kale-saltzaile batek bere buruari su eman zion eguna -arabiar udaberriaren abiapuntu jotzen dena- oroitzeko izan ziren manifestazioek jende gutxi bildu zuten, tentsio soziala eta krisi politikoa gorabehera.

Atzo Sidi Bouzid herrian Gobernuaren aurka izan ziren protestek ez zuten jende askorik bildu. 2010ean herri horretan Mohamed Bouazizi saltzaileak pobreziak eta Poliziaren irainek gaindituta, bere burua immolatu zuen. Gertaera horrek piztu zuen Tunisian Zine El Abidien Ben Aliren erregimena erorarazi zuen iraultza, eta berehalakoan hedatu zen beste hainbat herrialde arabiarretara protesta mugimendua, Egiptotik hasita.

Sindikatuetako eta ezkerreko alderdietako mila kide inguruk hartu zuten parte manifestazioan, «Lana eskubidea da, lapurrak» eta «Iraultzak herria batu egin du, Troikak (boterean dagoen koalizioak) banatu egin gaitu» lemak oihukatuz.

«Ez dugu ezer irabazi iraultza honekin», zihoen haserre auzo pobre bateko biztanleak, gazteen etorkizun larria gogora ekarriz. «Nire lagun batzuk drogagatik kartzelan daude, beste batzuk Italiara iristeko saialdian hil egin dira, eta beste batzuk Sirian hil dituzte», adierazi zuen.

Ennhada-k, Gobernuan dagoen alderdi islamistak, ere 300 manifestazio inguru deituak zituen Tunisia osoan. Alta, Sidi Bouzidera hainbat agintari egitekoak ziren bisita bertan behera gelditu zen, eta hala Moncef Marzouki presidentea, Ali Larayedh lehen ministroa eta Mustafa Ben Jaafar Biltzar Konstituziogileko presidentea ez ziren iraultzaren sorterrian izan, «segurtasun arrazoiengatik». Iazko manifestazioetan jendeak harriak jaurti zizkien.

Pobrezia da oraindik eskualde honen arazo nagusia. Langabezia tasa herrialde osoko altuena da (populazio aktiboaren %24,4, eta diplomadunen % 57,1).

Hiriburuan ere urteurreneko ospakizunek ez zuten arrakastarik izan. Presidentea eta lehen ministroa Presidentetzako jauregian egin zeremonia xumean izan ziren. «Egin dugunagatik harro egoteko eskubidea dugu», adierazi zuen Marzoukik, «adierazpen askatasuna» aipatuz eta Tunisia «beste herriak ez bezala, ez dela indarkerian hondoratu» nabarmenduz. Bestalde, jihadisten manifestazioak, Ansar Al Shariak deituta, ehunka lagun baino ez zuen bildu Gobernuaren egoitzaren aurrean.

Testuinguru politiko nahasian iritsi da urteurrena. Ennahadaren eta oposizioaren arteko hilabeteko negoziazioen ondoren, iragan larunbatean Mehdi Jomaa Industria ministroa gobernuburu izendatu zuten. Halere, oposizioko talde batzuk oraindik ez daude ados eta Ennahdak boterea uzteko negoziazioetan jarraitu beharko dute.